Irudek Bidasoa Irun EHF European Leagueko Main Round-ean
Irudek Bidasoa Irunek 35-30 garaitu zuen atzo AHC Potaissa Turda taldea, EHF European Leagueko Multzo Faseko bostgarren jardunaldian. Garaipen honekin, bidasotarrak matematikoki sailkatu dira hurrengo fasera, seigarren eta azken jardunaldiaren faltan. Hasieratik agintzen hasi zen etxeko taldea atzoko neurketan, baina errumaniarrak ere indartsu azaldu ziren Artalekun. Horrela, lehen zatiaren erdialdean, zalantzan jarri zuten talde horiaren garaipena. Burua galdu gabe, jokoan sartu ziren berriz ere Alex Mozasen mutilak eta bukaera bitarte nagusi izan ziren, hain garrantzitsua zen garaipena eskuratuz.
Bidasoa eta Potaissa Turdaren arteko partidua indar parekatuarekin hasi zen. Hala ere, aitzinetik zihoan etxeko taldea, errumaniarren 1-9ko partziala egin zuten arte. Erasoan fin ibili zen bisitaria eta eraginkortasuna erakutsi zuen lehen zatiaren erdialdean. Alex Mozasen taldeak, honen aitzinean, azkar erantzun behar izan zuen neurketak ihes ez egiteko. Hurrengo hamar minutuetan indarrez aritu zen talde horia eta berriz ere, markagailua bere alde jartzea lortu zuen, atsedenaldirako bost minutu falta zirenean (15-14). Defentsan ere aldaketak eginda, sendo mantendu ziren, aurkariaren erasoak geldituz. Tarterik ezin izan zuten ireki etxekoek, baina aldageletara aitzinetik joan ahal izan ziren, 17-16ko emaitzarekin.
Bigarren zatia modu beretsuan hasi zen, etengabeko gol trukearekin. Hala ere, Bidasoak erritmoa bizkortu zuen eta markagailuan abantaila handiagoa lortzen hasi zen. Lehen ordu laurdenean, lau goleko aldea erdietsi zuten bidasotarrek, 29-25ekoa paratuz. Potaissa Turda honi erantzuten saiatu zen, hauei ere garaipenak ihes egin ez ziezaien, baina ezinezkoa izan zuten hori lortzea Macielek ongi babestu baitzuen bere atea. Azken minutuetan, etxekoek jarrera lasaiarekin egin zioten aurre partiduari, neurketa erabakita baitzegoen eta aurkariak ez baitzuek arriskurik eragiten. Azken segunduetan 35-30eko markagailua zuten bi taldeek eta azken erasoa Bidasoaren eskuetan zegoen, nahiz eta ez jaurtitzea erabaki zuten, bere hortan utziz behin-betiko emaitza.
Garaipen honekin, Multzo Faseko jardunaldi baten faltan, Irudek Bidasoa Irunek EHF European Leagueko Main Roundera matematikoki sailkatzea lortu du. Fase honetako azken jardunaldia, seigarrena, heldu den abenduaren 2an jokatuko du talde horiak, SG Flensburg-Handewitt taldearen kontra. Aurkari honek ere Maind Round-era pasatzea lortu du, taldeko liderra baita bost jardunaldiren ondotik. Horren aurretik ordea, Bidasoak Recoletas Atletico Valladolid hartuko du larunbatean, azaroaren 29an, Artalekun, ASOBAL Ligari ere jarraipena emanez (20:30).