Irudek Bidasoa Irun EHF European Leagueko Multzo Fasean
Irudek Bidasoa Irunek 24-30eko emaitzarekin irabazi zuen, pasa den larunbatean (irailaren 6an), Bragaren kontrako EHF European Leagueko Qualification Round-eko itzulerako neurketan. Bederatzi goleko abantaila zuela bidaiatu zuen talde irundarrak Portugalera eta, partidua bideratua bazegoen ere, guztiz erabakita utzi zuten Bragaren pabilioian. Horrela, Alex Mozasen taldeak denboraldiko lehen helburu nagusia lortu du: EHF European Leagueko Multzo Fasean sartzea.
Indarrez ekin zioten Bragaren kontrako partiduari bidasotarrek. EHF European Leagueko Multzo Fasean sartzea zuten begiz jota eta horren bila atera ziren lehen minututik. Bidasoak segidan hartu zuen abantaila markagailuan, batez ere Skryniarzek atepean egindako lan onari esker (3-6, 13:20). Etxekoek ez zuten amore eman eta bat gehiago zirela aprobetxatuz, 3-1eko partzialari esker, gol bakarrera hurbildu ziren (6-7). Hala ere, ongi erantzun zuen talde bisitariak eta euren jokorik onena erakusten hasi ziren, bai erasoan baita defentsan ere, eta berriz ere tartea ireki zuten markagailuan. Horrela, 10-14ko emaitzarekin bukatu zen neurketaren lehen zatia.
Bigarren zatia modu beretsuan hasi zen. Indarrez kantxaratu zen talde irundarra eta zazpi goleko errenta ere lortu zuen portugaldarrekin. Etxekoek abantaila hau murrizteko asmoz jokoan segitu zuten eta hirura jeitsi zuten bi taldeen arteko aldea. Hala ere, bidasotarrak aitzinetik ari ziren jokoan eta euren nagusitasuna mantenetzen jakin zuten bukaera arte. Azkenean, 24-30eko behin-betiko emaitzarekin bukatu zen partidua, Irudek Bidasoa Irunen alde eta beraz, Alex Mozasen taldeak denboraldiko lehen helburu nagusia lortu du, EHF European Leagueko Multzo Fasean sartzea.