Irudek Bidasoa Irun Euskal Kopako garaile
Irudek Bidasoa Irunek 34-40ko markagailuarekin irabazi zion, atzo arratsaldean, Amenabar Zarautz ZKEri Euskal Kopako finalean. Lehen zatian, etxekoak izan ziren nagusi eta, abantaila txikiarekin izan bazen ere, euren aldeko emaitzarekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian ordea, neurketa berdintzea lortu zuen talde irundarrak, nahiz eta azken hamar minutura arte ezin izan zuen tartea ireki. Azken jokaldietan nagusitu ziren batez ere Alex Mozasen jokalariak eta sei goleko tartea erdietsiz, garaipena ere poltsikoratu zuten, bertze behin euskal kopa altxatuz.
Lehen zatian pareko indarra erakutsi zuten bi taldeek. Intentsitate altuan jokatu zuten eta etengabeko gol trukeak izan ziren. Zarautzek maila bikaina eman zuen eta markagailua bere alde izan zuen lehen ordu erdi guztian zehar, bi goleko tartea ere irekiz. Atsedenaldira, 19-18koarekin joan ziren bi taldeak eta bigarren zatiko lehen hogei minutuetan ere, dinamika bera errepikatu zen. Bidasotarrak finago ibili ziren eta markagailuan berdinketa ezarri zuten, baina abantaila eskuratzea zaildu egin zitzaien. Azken hamar minutuak izan ziren erabakigarriak eta hor, Alex Mozasen taldea eraginkorrago azaldu zen erasoan eta sendoago defentsan. Horrek mesede egin zion eta hutsunea ireki zuen emaitzan, bere alde jarriz partidua. Bost minututan dagoeneko erabakita utzi zuten garaipena, bortz goleko aldearekin, eta arauzko denbora bukatuta, seiko tartearekin, Euskal Kopako finala bereganatu zuen Bidasoak, 34-40ko markagailuarekin.
Alex Mozas entrenatzaileak denboraldiko bigarren itzuliari begira, neurketa honek izan zuen balioa azpimarratu zuen. Lehen Nazionalean porrotik jaso gabe dagoen Zarautz talde indartsua dela aipatu zuen eta bidasotarrak ongi estutzen jakin zuela, garaipena zailduz bisitariei. Taldearentzat garaipen honek ez du gehiegi balio, baina bai bertan izandako sentsazioek, horiek izanen baitira otsailetik aurrerako lehian aitzinera egiteko erabilgarriak izanen direnak.