Irudek Bidasoa Irun nagusi izan zen Valladoliden kontra
Irudek Bidasoa Irunek 34-24ko markagailuarekin garaitu zuen, pasa den larunbat arratsaldean, Recoletas Atletico Valladolid. 60 minutuz aitzinetik egon zen talde bidasotarra eta azkenik, hamar goleko alde zabalarekin irabazi zuen, Artalekura hurbildu ziren zaleekin ospatuz garaipena. ASOBAL Ligako ailkapeneko laugarren postuan kokatu da orain, Bidasoa, 15 punturekin guztira. Honen ondotik, bihar (abenduaren 2an), Europako Txapelketako Multzo Faseko azken jardunaldia jokatuko du SG Flensburg-Handewitt taldearen kontra, 18:45ean.
Bidasoak intentsitate handiz ekin zion larunbateko partiduari. Momentuan aurkari zuzena zen Valladolid izan zuten aitzinean eta garaipena eskuratzea garrantzitsua zen etxekoentzat. Lehen hamar minutuetan, 9-2ko emaitza lortu zuen dagoeneko talde bidasotarrak eta nagusitasun hori mantentzeko gai izan ziren Alex Mozasen jokalariek. Hurrengo bost minutuetan etxekoak ez ziren hain fin ibili erasoan eta soilik bi gol sartzeko aukera izan zuten, baina aurkariek ere ez zuten asmatu beraz, 11-4koa zuten lehen ordu laurdenean. Horren ondotik, bisitariak erosoago aritu ziren jokoan eta markagailua estutzea lortu zuten, etxekoen zehastasun faltak lagunduta. Hala ere, Julen Mujikak azken segunduetan egindako golari esker, atsedenaldira 19-15koarekin joan ziren bi taldeak.
Bigarren zatian, bide beretik segitu zuten jokatzen. Etxekoek gogor ekin zioten berriz ere azken ordu erdiari eta 8-2ko partzial bat egin zuten hasieran, hamar goleko errenta erdietsita (27-17, 41.min). Horrela, eroso aritu zen Bidasoa eta kontrolpean eduki zuen partidua, baita aurkaria ere, azken minutura arte. Valladolid emaitza iraultzeko aukerari gabe gelditu zen eta beraz, bi puntuak Artalekun gelditu ziren, behin-betiko 34-24ko markagailua erdietsi baitzuen talde horiak.
Garaipena ez ezik, Unai Barretoren debuta ospatu zuen Artalekuk, bi gol ere sartu zituen jokalariarena. ASOBAL Ligako sailkapen orokorrean laugarren postua eskuratzea lortu zuen Bidasoak horrela, bi puntu gehiago batuta eta 15 izanda guztira. Honen ondotik, Europako Txapelketako Multzo Faseko azken jardunaldia jokatuko du bihar, abenduaren 2an, SG Flensburg-Handewitt taldearen kontra, kanpoan (18:45).