Irudek Bidasoa Irun prest dago gaur Kiel handia jasotzeko
2026/02/24
Alex Mozasen jokalariek gaur, otsailaren 24an, jasoko dute THW Kiel talde alemaniarra Artalekun (20:45). EHF European Leagueko Main Round-eko bigarren jardunaldia izanen da eta momentu ezin hobean iristen dira bidasotarrak, Ademar Leoni modu egokian irabazi ondotik. Taldea prest dago erronka zail honi aitzin egiteko eta motibaturik daude garaipena posible dela sinesten dutelako.
Irudek Bidasoa Irunek gaur hartuko du etxean THW Kiel talde alemaniarra, EHF European Leagueko Main Round-eko bigarren jardunaldia jokatzeko. Etxean jokatzea beti da abantaila eta hori da bidasotarrek aprobetxatuko dutena oraingo honetan. Erronka zaila bada ere, Alex Mozasen jokalariak gogoz eta ilusioz daude gaur etxean dena eman eta garaipena eskuratzen saiatzeko. Argitu dute egin beharrekoa eta hortan ariko dira buru-belarri.
Ademar Leoni irabazita, “aurrerapausu” bat eman duela taldeak iritzi dio Alex Mozas entrenatzaileak. ASOBAL Ligako sailkapeneko goiko postuetan egotez gain, indarra ere eman die garaipenak jokalariei, gaur izanen duten erronka zail bati aitzin egiteko beharrezkoa izanen dena. THW Kiel talde alemaniarra izanen dute aurrean, jokalari eta teknikariek inoiz imajinatuko ez luketena: “Horrelako partiduak jokatzeagatik egiten da bat jokalari edo entrenatzaile. Ez nuke inoiz imajinatuko egoera honetan egonen nintzenik, baina memorian gordeko dudan partidua izanen dela ziur nago. Gure goitik dagoen talde baten kontrako partidua da, baina gure zelaian. Ongi aritu behar gara, baina garaipenagatik borrokan arituko gara %100ean, are gehiago Leonen egindako partiduaren ondotik dugun konfiantzarekin”.
Kiel Alemaniako talderik hoberena dela ere onartu du Mozasek: “Hiru neurketa soilik galdu dituzte orain arte eta mmunduko atezain bikoterik onena dute. Jokalariak asko txandakatzen ari dira eta guztiak ari dira zerbait ematen”. Honen aitzinean, ez Bidasoak ez daki zein talde kantxaratuko duten alemaniarrek gaurkoan Artalekun, baina argi dutena da “defentsan ongi” azaldu beharko direla: “Defentsan ongi egon behar gara, ongi zabaldu. Kontraerasoan asko exijituko digute eta baloi guti galdu behar ditugu. Azken hori da neurketa kontrolpean edukitzera eramanen gaituena eta hori da helburu nagusia”.
Artalekun jokatzea ere abantaila izanen da etxekoentzat, zaleekin batera “indar gehigarri” bat izanen dutelako eta ziur daudelako alemaniarrek badakitela garaipena garesti dagoen kantxa bat dela Artaleku. Horrez gain, borrokara prest dagoen taldea aurkituko dute Irunen eta horrek bidasotarren alde jokatuko duela argi dute.
Horrelako partidu handiek esperientzia aberasgarriak pilatzeko balio dute eta hori da garrantzitsuena jokalarientzat, indibidualki eta kolektiboki ere, Alex Mozasek aitortu duenez. “Maila handiko taldeen kontra aritzeak eurekin parekatzera behartzen gaitu eta hori esperientzia aberasgarria da. Akatsetatik ikasten duzu bertan eta egoera guztietan adi egotera. Neurketa perfektu bat egin behar dugu, ez azkartu. Heldutu gara eta partidu ona eginen dugu seguru”. Gaur, 20:45ean, hori erakusteko abagunea izanen du Irudek Bidasoa Irunek, THW Kiel taldearen kontra, EHF European Leagueko Main Round-eko bigarren jardunaldian.