Irudek Bidasoa Irun sailkapeneko bigarren postuan egonkortzeko bidean

2025/05/05
Talde horiak 30-29 irabazi zuen Anaitasunaren kontra jokatutako euskal derbian. Azken jokaldi polemiko baten ondotik lortu zuen Irudek Bidasoa Irunek garaipena eta jardunaldiko bi puntuak batu zituen sailkapenera, bigarren postuan egonkortuz.
Irudek Bidasoa Irun sailkapeneko bigarren postuan egonkortzeko bidean
Irudek Bidasoa Irun 30
29 Helvetia Anaitasuna

Irudek Bidasoa Irunek ozta-ozta irabazi zuen, pasa den larunbatean Artalekun, Anaitasunaren kontrako euskal derbian. 30-29ko markagailuarekin irabazi zuen Alex Mozasen taldeak, jokaldi polemiko baten ondorioz. Bi puntu garrantzitsu batuta, sailkapeneko bigarren postuan egonkortu da talde horia, denboraldiko helburua eskura edukiz. 

Neurketa parekatua jokatu zuten Bidasoak eta Anaitasunak Artalekun, euskal derbi batean esperotakoa. Bi taldeak defentsan sendo kantxaratu ziren lehen zatian, baina poliki-poliki etxekoek euren lekua hartu eta aitzinetik jarri ziren hamargarren minutuan (6-5). Honek indarra eman zien eta 4-1eko partziala egiteko gai izan ziren hurrengo jokaldietan, zuten abantaila areagotuz (9-5). Erasoan fin ibiltzeaz gain, defentsan ere bikain aritu zen Leo Maciel, nafarren 22 jaurtiketetatik 9 geldituz. Iruindarrek, atsedenaldira bidean, ongi erantzun zuten eta tartea bi golera murriztu zuten. Euren jokalarietako batek txartel gorria jaso zuen zuzenean eta horrek eragina izanen zuela uste zuten, baina Anaitasunak 2-3ko partzial bat egin zuen eta berdinketa erdietsi zuen atsedenaldira, 14-14koa. 

Bigarren zatian, erritmo biziarekin kantxaratu ziren berriz ere bi taldeak. Biak ere garaipena eskuratu nahi zuten eta hori nabaritu zen. Anaitasunak ez zituen besoak jeitsi eta markagailua ere bere alde jarri zuen hasieran (19-20). Bidasoak azkar erantzun zuen hemen ere eta berriz ere berdineta erdietsi zuen bigarren satiren erdialdean (23-23). Hortik aitzinera, hartu-emanean aritu ziren bi taldeak eta parekotasuna izan zen nagusi. Azken hamar minutuak ere tentsio handiakoak izan ziren jokalari eta zaleentzat. Bidasoak berriz ere nagusitasuna eskuratu zuen eta hiru goleko errenta lortu zuen hiru minutu falta zirenerako (30-27). Iruindarrek ez zuten amore eman eta 0-2ko partzialarekin neurketa estutu zuten azken minuturako. Alex Mozasek hutsartea eskatu zuen orduan, momentu erabakigarrian. Partidua berrabiaraztean, Bidasoak baloia galdu zuen eta jokaldi polemikoaren momentua ailegatu zen. Epaileek ez zuten Anaitasunaren aldeko penaltia ongi adierazi eta beraz, iruindarrek aukera galdu zuten neurketa berdintzeko. 30-29ko emaitzarekin irabazi zuen Bidasoak, jardunaldiko bi puntuak ere eskuratuz. 

Garaipen honen ondotik, nazioarteko hitzorduek eragindako atsedenaldia izanen dute orain ASOBALen. Maiatzaren 18an bueltan izanen dira, denboraldiko azken partiduak jokatzeko. Egun horretan, 20:00etan, talde horiak Recoletas Atl. Valladolid taldea bisitatuko du.