Irudek Bidasoa Irunek Barça estutu zuen Palau Blaugranan

2025/10/20
Talde irundarrak 33-31 galdu zuen kataluniarren kontra. Hala ere, itxura ona eman zuten Alex Mozasen mutilek Palau Blaugranan, aurkaria estutuz eta euren errenta kontrolpean edukiz. Neurketa berdintzeko gai ere izan ziren bigarren zatiko tarte batean, baina azkenean Barçak gogor jo zuen eta bi golengatik garaipena eskuratu. Porrota ahantzi eta biharko partiduari begira jarri dira dagoeneko horiak, Flensburg jaso beharko baitu Artalekun.
Irudek Bidasoa Irunek Barça estutu zuen Palau Blaugranan
Barça 33
31 Irudek Bidasoa Irun

Irudek Bidasoa Irunek 33-31 galdu zuen, pasa den ortziralean, Barçaren kontra. Bi puntuek ihes egin bazioten ere, talde horiak neurketa parekatua jokatu zuen kataluniarren kontra eta hauek estutzeko gai ere izan zen. Bigarren zatian, markagailua berdintzeko gai izan ziren bisitariak, baina azkenean etxekoek euren indarra erakutsi eta jardunaldiko puntuak ere eraman zituzten. Porrota ahantzita, talde bidasotarrak biharko neurketan pentsatzen hasi zen segidan, EHF European Leagueko Multzo Faseko bigarren jardunaldia jokatuko baitu Artalekun, SG Flensburg-Handewitt taldearen kontra.

Partidua indartsu hasi zen Palau Blaugranan, Barçak bere nagusitasuna erakutsi baitzuen lehen minututik. Seigarren minuturako, 7-3koa ezarri zuen markagailuan eta Alex Mozasek lehen hutsartea eskatu zuen erritmo hori lasaitzeko asmoarekin. Etenaldi honek on egin zion Bidasoari eta gol bakarrera murriztu zuen aldea taldeak, 9-8koa ipiniz lehen ordu laurdenean. Etxekoak estutu zituzten irundarrek, baina hauek bertze partzial on bat eskuratu zuten atsedenaldira bidean (14-11, 25. min). Bidasotarrak aldea murrizten saiatu ziren berriro, baina ez zuten lortu. Hala ere, errenta kontrolpean eduki zuten eta aldageletara 17-14ko emaitzarekin joan ziren bi taldeak. 

Bigarren zatian, denboraldi honetan erakusten ari den dinamika bera kantxaratu zuen Bidasoak eta hobeki aritu zen defentsan, lehen lau minutuetan emaitza berdintzea lortuz (18-18). Hala ere, Barçak erasoan bere maila altuari eutsi zion eta 5-1eko partzialarekin, berriz ere aitzinetik jarri zen markagailuan (23-20, 45. min). Mozasek hutsartea eskatu zuen orduan, berriz ere aurkariaren erritmoa eteteko. Hortik aurrera, etxekoak beti nagusi izan ziren, nahiz eta bisitariek abantaila handitzea eragotzi zuten. Erritmo bizian jokatu zuten bi taldeek azken minutuetan eta bi goleko aldea zegoen euren artean (29-27, 54. min). Bidasoak sinetsi nahi zuen oraindik posible zela puntuak batzea, baina kataluniarrek ongi zigortu zuten aurkaria kontraerasoen bidez, baita defentsa sendoa erakutsiz eta bisitarien akatsak aprobetxatuz. Alex Mozasen taldeak ordea, azken segundura arte borrokatu zuen itxura ezin hobea emanez eta markagailua kontrolpean edukiz. Azkenik, 33-31ko emaitzarekin porrot egin zuen Bidasoak, denboraldiko lehen partidua galduz honela. 

Porrota ahalik eta azkarren ahantzi, eta hurrengo hitzordura begira jarri dira horiak. Izan ere, bihar bertan, urriaren 21ean, bertze erronka batzuei aitzin egin beharko die taldeak. EHF European Leagueko Multzo Faseko bigarren jardunaldia jokatuko du Bidasoak bihar, Artalekun, SG Flensburg-Handewitt taldearen kontra.