Irudek Bidasoa Irunek berdinduta bukatu du Recoletas Atletico Valladolid taldearen kontra

2025/05/19
25era berdinduta bukatu zuten bi taldeek, atzo eguerdian, Huerta del Rey kantxan. Puntu bat irabazita, talde horiak sailkapeneko bigarren postuan segitzen du, 39 punturekin, eta bere buruaren jabe da txapeldunortza lortzeko.
Irudek Bidasoa Irunek berdinduta bukatu du Recoletas Atletico Valladolid taldearen kontra
Recoletas Atletico Valladolid 25
25 Irudek Bidasoa Irun

Irudek Bidasoa Irunek 25era berdindu zuen atzo eguerdian Recoletas Atletico Valladolid taldearen kontra. Azken minutuan lortu zuen etxeko taldeak markagailua berdintzea, azken erasoan Bidasoaren atean asmatu egin zuenean. Berdinketa honen ondotik, talde hori sailkapeneko bigarren postuan mantentzen da, 39 punturekin, eta bere buruaren jabe da txapeldunordetzan segitzeko. 

Neurketa hasieran bi taldeek defentsa sendoa erakutsi zuten eta atezainak izan ziren protagonistak, bakoitzak egindako geldiketei esker. Horren ondorioz, markagailuan ez zen aldaketarik izan lehen minutuetan. Ordu laurdena pasatuta, 5-5eko berdinketarekin jokoan zeuden bi taldeak. Hala ere, atsedenaldira bidean, Valladolidek erritmoa pixka bat igo eta aurrea hartu zuen, 10-9koarekin. Bidasoarentzat hau guti balitz, Dariel Garcial zuzeneko txartel gorria jaso zuen, bi minutuko zigorraren kontra gogor borrokatzeagatik. Horrek desorekatu zuen Alex Mozasen taldea eta etxekoek ongi aprobetxatu zuten 4-0eko partziala egiteko. Asier Nietok eta Julen Mujikak gol bana sartu bazuten ere, atsedenaldira 14-11koarekin joan ziren bi taldeak.

Bigarren zatian modu sendoan kantxaratu ziren bidasotarrak eta neurketari buelta emateko helburu argiarekin segitu zuten jokoan. Zazpi minutuetan gol bakarrera hurbildu ziren bisitariak (17-16), baina segidan parekotasuna izan zen berriz ere nagusi. Etxekoek sendotasuna erakutsi eta markagailua euren alde jarri zuten, bortz goleko aldearekin (24-19, 50. minutuan) eta Bidasoak erantzun azkarra eman behar izan zuen. Alex Mozasek hutsartea eskatu eta jokalariek 0-4ko partzialarekin erantzun zuten, 24-23koa ezarriz. Horrez gain, Gorka Nieto kapitainak berdinketa ezarri zuen emaitzan, bi minuturen faltan, eta Rodrigo Salinasek ere azken minutuan aitzinetik jarri zuen taldea (24-25). Hala ere, Valladolidek ez zuen amore eman eta azken erasoan atean asmatu eta berdinketa ezarri zuen markagailuan, 25-25ekoa hain zuzen ere. 

Berdinketa honekin puntu bat gehiago batuta, sailkapeneko bigarren postuan segitzen du Irudek Bidasoa Irunek, 39 punturekin guztira. Heldu den asteburuan, denboraldiko azken partidua jokatuko du talde horiak etxean, Artalekun. Logroño jasoko du horretarako, maiatzaren 25ean, 18:00etan. Bere eskuetan dago orain Plenitude ASOBAL Ligako txapeldunordetza lortzea. 

Julen Mujika jokalariak egin du partiduaren balorazioa.