Irudek Bidasoa Irunek bertze bi puntu batu ditu ASOBAL Ligan
Irudek Bidasoa Irunek bertze garaipen bat eskuratu zuen pasa den ortziralean, urriaren 10ean, Artalekun, Nexus Energia ASOBAL Ligako sailkapenean bertze bi puntu ere gehituz. Bada Huesca izan zuen aitzinean, eta hasieran bisitariak hobeak izan baziren ere, etxekoek markagailua irauli eta emaitza beregatzea lortu zuen, 32-24ko behin-betiko garaipena eskuratuz. Bi puntu gehiago batuta, Alex Mozasen taldeak lidergotzan segitzen du, bederatzi punturekin guztira.
Bada Huescak lortu zituen lehen abantailak ortziraleko Bidasoaren kontrako partiduan. Zehaztasun handiagoz jokatu zuen talde bisitariak eta 2-5eko emaitza paratu zuen markagailuan hamargarren minutuan. Edonola ere, etxekoek lanari ekin zioten eta amore eman gabe segitu zuten jokoan. Jaurtiketetan asmatzen hasi ziren eta 5-1eko partziala eskuratu zuten hurrengo lau minutuetan, lehen zatiaren erdialderako 7-6koa ezarriz euren alde. Gol bakarreko tarte hau areagotzea ere lortu zuen Alex Mozasen taldeak, partiduaren kontrola ere bereganatuz. Horrela, atsedenaldira, 16-13ko emaitzarekin joan ziren bi taldeak.
Bigarren zatian, dinamika berarekin segitu zuen talde irundarrak. Lehen zortzi minutuetan dagoeneko erabakia utzi zuen garaipena. Izan ere, 5-2ko partzialarekin 21-15ekoa ezarri zuten markagailuan. Huesca taldearen entrenatzailea hutsartea eskatzera behartua izan zen, baina honek ez zuen jokoaren norabidea aldatu. Bisitaria aldea murrizten saiatu zen, baina Bidasoaren defentsa sendoarekin topo egin zuen, baita Jakub Skrzyniarz atezain gogorrarekin ere. Partiduaren azken txanpan, jokoa guztiz kontrolpean zuen talde irundarrak eta neurketa arazorik gabe irabazi zuen. 32-24ko behin-betiko emaitza lortu zuen Alex Mozasen taldeak, jardunaldiko bi puntuak ere poltsikoratuz.
Bederatzi punturekin guztira, sailkapeneko lidergotzan segitzen du Irudek Bidasoa Irunek, Barçak partidu bat gutiago jokatu duelarik. Honen ondotik, EHF European Leagueko Multzo Faseko lehen jardunaldia jokatu du bihar, urriaren 14an, Errumanian, AHC Potaissa Turda taldearen kontra ariko da, 18:45ean.