Irudek Bidasoa Irunek bertze bi puntu batu ditu sailkapenean
Irudek Bidasoa Irunek bertze garaipen bat eskuratu du asteburuan, Angel Ximenez Puente Genil taldearen kontra jokatutako neurketan. 30-36ko emaitzarekin, Nexus Energia ASOBAL Ligako bigarren jardunaldian, bertze bi puntu eskuratu zituen Alex Mozasen taldeak, sailkapeneko bigarren postuan kokatuz. Denboraldia ezin hobe hasi du Bidasoak eta dinamika berarekin segitu nahiko du aste honetan Artalekun ere. Izan ere, etxera bueltatuko da talde irundarra ortzegun honetan, irailaren 25ean, 20:30ean.
Lehen zati nahiko parekatua jokatu zuten bi taldeek. Puente Genilen lehen abantaila txiki baten ondotik (6-5, 10:30), emaitza berdindu zuen Bidasoak, atean erakutsi zuen eraginkortasunari esker. Hori guti balitz, Xavi Gonzalez, Dariel Garcia eta Julen Mujikaren golei esker, aitzinetik ere jarri zen talde irundarra, 8-10ekoa ezarriz markagailuan. Bi goleko alde hori mantentzen jakin zuten bisitariek eta atzealdean ere sendotasuna erakutsiz, 1-3ko partziala lortu zuten Alex Mozasen jokalariek. Atsedenaldia beraz, 16-18ko emaitzarekin joan ziren.
Bigarren zatian, intentsitate handiagoaz kantxaratu ziren bidasotarrak. Denfentsan nagusi izan ziren, lehen zatiko dinamikari segida emanez, eta honek etxekoen akatsak eragin zituen. Lehen hamar minutuetan, bost goleko aldea lortu zuen Bidasoak eta etxekoen entrenatzailea hutsartea eskatzera behartu zuen. Hala ere, bisitarien indarrak ez ziren apaldu eta eskubaloi onena erakutsi zuten hurrengo minutuetan ere. Markagailuko tartea handitzen joan ziren eta bederatzi golekoa izatera ailegatu zen, irundarren aldeko 0-6ko partzialaren ondotik. Azken hamar minutuetan, andaluziarrak markagailua estutzen saiatu ziren eta lortu ere, bisitarien garaipena kolokan jartzeko gai izan baitziren. Tartea oraindik ere handia zenez, Bidasoak bere indarrari eustea lortu zuen eta azkenik, 30-36ko emaitzarekin irabazi zuen, azken lau denboraldietako bolada txarrari ere bukaera emanez.
Bi puntu garrantzitsu eskuratuta, etxetik kanpo ere bere nagusitasuna erakutsi zuen Irudek Bidasoa Irunek. Sailkapeneko bigarren postuan kokatu da honela, lau punturekin, Barça liderrarekin berdinduta. Taldea Artalekura bueltatuko da orain, ortzegun honetan (irailaren 25ean), 20:30ean Abanca Ademar Leonen kontrako partiduarekin.