Irudek Bidasoa Irunek bi puntu garrantzitsu batu zituen Bada Huescaren kontra

2026/03/09
Talde irundarrak 25-31ko markagailuarekin irabazi zuen, pasa den ortziralean, Bada Huescaren kontra. Baldintzatuak kantxaratu ziren Aragoin Alex Mozasen jokalariak, baina esfortzua eginda, garaipena lortzeko gai izan ziren, ASOBAL Ligan garrantzitsuak diren bi puntuak eskuratuz.
Irudek Bidasoa Irunek bi puntu garrantzitsu batu zituen Bada Huescaren kontra
Bada Huesca 25
31 Irudek Bidasoa Irun
Irudek Bidasoa Irunek 25-31ko markgailuarekin garaitu zuen, pasa den ortziralean, Bada Huesca. Otsail betea izan du talde horiak eta horrek eragina izan du jokalariengan. Lesioak eta minak tarteko, baldintzatuak kantxaratu ziren Aragoin jokalariak, baina gai izan ziren taldearengatik esfortzua egin, borrokatu eta jardunaldiko bi puntuak irabazteko helburua erdiesteko azkenik. Hartu-emanean aritu ziren lehen minutuetan Bada Huesca eta Irudek Bidasoa Irun. Talde irundarrak bi goleko abantaila txiki bat lortu zuen lehenik, baina aragoiarrek hori irauli zuten lehen ordu laurdenean, euren alde jarriz berriz ere markagailua. Hala ere, orduz geroztik, Alex Mozasen taldeak bere bertsiorik onena erakutsi zuen eta, Leo Macielek atepean egindako lanari esker, guru goleko aldea irekitzea lortu zuten atsedenaldira bidean (12-15, 26 min.). Etxekoek lehen zatiko azken minutuetan aldea murriztu zuten, nahiz eta 14-16koarekin joan ziren aldagaletera, Bidasoa aitzinetik. Bigarren zatiaren hasiera bikaina izan zen talde irundarrarentzat. 1-5eko partziala eginez, hamar goleko aldea lortu zuen eta ia erabakita utzi zuen honela garaipena (15-25). Bada Huesca honi erantzuna ematen saiatu zen, baina ez zuen arrakasta gehiegirik izan. Hala ere, markagailuan hurbiltzea lortu zuen taldeak, bidasotarren abantaila murriztuz, eta neurketaren bukaeran indarrak parekatuz (23-26, 48 min.). Hala ere, Alex Mozasen jokalariek ongi kudeatu zuten markagailua eta partiduaren kontrola izan zuen azken minutuetan, garaipena eskuratzeko azkenik, 25-31ko behin-betiko emaitzarekin. Bidasoaren hurrengo hitzordua bihar izanen da, martxoaren 10ean. EHF European Leagueko Main Round-eko jardunaldia jokatuko dute Artalekun, Montpellierren kontra, 20:45ean. Taldea dagoeneko kanporatua da Txapelketatik, baina borrokan segituko dute bukaera bitarte, ahal bezain itxurarik onena emateko.