Irudek Bidasoa Irunek bi puntu garrantzitsu batu zituen Leonen
2026/02/23
Talde irundarrak 28-30eko markagailuarekin garaitu zuen Abanca Ademar Leon taldea. Hasieratik erakutsi zuten nagusitasuna Alex Mozasen mutilek, nahiz eta partiduaren bukaeran ezarritako erritmo biziak zertxobait behera egin. Azken minutuetan berdinduta ibili ziren bi taldeak, baina azkenik, bi goleko aldearekin, garaipena Irunera joan zen.
Irudek Bidasoa Irunek 28-30eko markagailuarekin garaitu zuen Abanca Ademar Leon taldearen kontra. Lehen minutuetatik hasi zen talde irundarra nagusi izaten eta lau goleko aldea ireki zuen segidan, atsedenaldira bidean bortzera zabaldu zena. Hala ere, bigarren zatian, indarrez kantxaratu zen etxeko taldea eta irundarren abantaila murrizteko gai izan zen. Zalantzan jarri zuen Ademarrek bisitarien garaipena, baina azkenik, bi goleko aldearekin, puntuak horien poltsikoan gelditu ziren.
Neurketa ezin hobe hasi zen Bidasoarentzat. Defentsan lan bikaina egin zuen lehen minutuetan eta horri esker, lau goleko aldea lortu zuen talde bisitariak zortzigarren minuturako (1-5). Intentsitatez segitu zuten jokoan eta lortutako abantaila hori handitzen joan zen Alex Mozasen taldea. Ademar aurkariaren nagusitasuna baretzen saiatu zen, baina ez zuen lortu eta horrela, atsedenaldira, bortz goleko aldearekin joan ziren horiak, 12-17koarekin.
Bigarren zatian, jokoak bertze norabide bat hartu zuen. Ademarrek 7-3ko partzial bat egin zuen kantxaratu eta segidan eta horri esker, 19-21ekoa ezarri zuen markagailuan, bisitarien garaipena kolokan jarriz. Berdinketa lortzeko gai ere izan ziren etxekoek eta Bidasoari erantzuteko beharra eragin zioten. Bukaera zirraragarria izan zuen larunbateko partiduak, azken hiru minutuetan erabaki baitzen puntuak norentzat izanen ziren. Alex Mozasen taldeak bere izaera lehiakorra erakutsi zuen momentu erabakigarri horretan eta erasoan pazientziaz arituz, eta defentsan sendo, emaitza euren alde jartzea lortu zuten azkenean. 28-30eko markagailuarekin irabazi zuen talde horiak eta horrela, bi puntu garrantzitsu ere batu zituzten sailkapenera.
Horren ondotik, ia atsedenik gabe, asteartea honetan (otsailaren 24an) Artalekun arituko da Bidasoa, EHF European Leagueko Main Roundeko bigarren jardunaldia jokatzen. THW Kiel jasoko du taldeak, 20:45ean.