Irudek Bidasoa Irunek Espainiako Koparekin emanen dio hasiera denboraldiko bigarren itzuliari

2026/02/05
Alex Mozasen taldea, urtarrileko atsedenaldiaren ondotik, lehiara bueltatuko da asteburu honetan. Espainiako Kopa izanen du lehen erronka eta Barça izanen da bere lehen aurkaria, txapelketako finalerdian. Talde irundarrari zaildu zaio, honela, finala jokatzeko asmoa, baina ilusioz eta gogoz ekinen dio partiduari, ahalik eta maila altuena erakutsi eta garaipena eskuratzen saiatzeko.
Irudek Bidasoa Irunek Espainiako Koparekin emanen dio hasiera denboraldiko bigarren itzuliari
Miquel Muñoz Sanchez
Irudek Bidasoa Irunek Espainiako Koparekin emanen dio hasiera denboraldiko bigarren itzuliari. Asteburu honetan Telden (Kanariar Uharteak) jokatuko da txapelketa eta irundarren lehen aurkaria Barça izanen da, zozketa bidez hala egokituta. Larunbatean, otsailaren 7an, bi taldeen arteko finalerdia jokatuko da, 18:30ean. Ez da erraza izanen bidasotarrentzat kataluniarrak garaitzea, baina ilusioz eta gogoz ekinen diote horrelako erronkari. Urtarrila aurredenboraldi baten modukoa izaten da goi mailako eskubaloia jokalarientzat, baita Bidasoarentzat ere. Atseden hartzeko baliatu dute hauek hilabetea, nahiz eta azken asteetan entrenamenduetara bueltatu intentsitate altuan. Alex Mozas entrenatzaileak “karga anitzeko hilabetea” izan dela azpimarratu du, nahiz eta nazioartean ari diren jokalarien falta somatu. Hala ere, “filialen laguntza izan” dutela ere aipatu du, “lagunartekoetan minutuak izan dituztenak” eta hori izan da prestatzailearentzat aurredenboraldiko konturik onena. Azken asteetan Barçaren kontrako lehen neurketa hau izan dute bidasotarrek begiz jota, eta Mozasek erran duenez, taldea prest dago lehiarako: “Modu hoberenean lehiatzeko prest gaude. Barça eta gu gara Espainiako Kopan errepikatzen dugun talde bakarrak, lehen itzuli ona egin dugulako eta erregularrak izan garelako. Okerrena da euren kontra egokitu zaigula jokatzea. Hala ere, borrokatu dezakegu eta ilusioz ailegatuko gara bertara”. Otsail bete-betea izanen du Bidasoak, Espainiako Kopa, ASOBAL Liga eta Europako Txapelketarekin, baina soilik larunbatekoari begira ari dira bidasotarrak: “Akats bat izanen litzateke hilabete osoari begira jartzea, beldurra ematen baitu partidu kopurua eta aurkariak ikustea. Orain dugu aurkaririk hoberena eta aukera ederra da mailarik altuenenan lehiara bueltatzeko. Titulu bat dago jokoan, bi partiduetan, eta hain da garrantzitsua ezin dugula aurrera begiratu”. Horrela beraz, lehen aurkariari begira jarri dira horiak eta, zaila izanen bada ere, ahal den mailarik hoberena emanen dutela argi dute: “Barçak bertzelako prestakuntza bat izan du urtarrilean, 10-12 jokalari izan dituelako kanpoan. Hala ere, beraien nagusitasuna mantentzera joanen dira Espainiako Kopara. Guk ordea, gure armak ere baditugu eta larunbateko partidua lehiatu dezakegu uste dugu”. Erronka garrantzitsuei aurre egiteko prest bidaiatuko du bihar Bidasoak Kanariar Uharteetara. Barça izanen du aurkaria finalerdietan (otsailaren 7an, 18:30ean) eta hori gainditzea izanen da lehen helburua. Zaila izanen dela badakite, baina ez dira horregatik kikilduko, otsailean etorriko denaren adibidea izanen delako neurketa hori, baita prestakuntza gisa aprobetxatzekoa ere.