Irudek Bidasoa Irunek Europako Txapelketarekin emanen dio hasiera denboraldiari
Irudek Bidasoa Irunek EHF European Leagueko Qualification Round-eko joaneko partidua jokatuko du heldu den larunbatean, abuztuaren 30ean, Artalekun (18:30). Talde irundarrak Braga izanen du aitzinean, eta portugaldarrak gainditu beharko ditu denboraldiko helburu nagusietako bat erdiesteko. Aurredenboraldia motza eta trinkoa izan da, garai honetara teknikoki ongi ailegatzeko, baina Alex Mozas entrenatzaileak erran duenez, talde prest dago lehiakor izateko etxeko kantxan.
Aurredenboraldia bukatutzat eman du Irudek Bidasoa Irunek, Egiako Nazioarteko Txapelketa jokatu ondotik. Aurtengoa motzagoa izan da, baita trinkoagoa ere, segidan hasi behar izan baita taldea teknikoki jokamoldeak entrenatzen, Alex Mozas entrenatzaileak aipatu duen moduan: “Aurredenboraldia aldatu behar izan dugu pixka bat eta zuzenago hasi entrenatzen, teknikoki jokamoldeak lantzen. Hau Egian nabaritu da, normalean jendea ez dago hain fin eta aurten bai. Denboraldi hasierarako positiboa izanen da, baina gerta liteke hau bera, hilabeteak pasatu ahala, ordaintzea eta beraz, lan karga doitu beharko dugu”.
Hala ere, sentsazio onekin bukatu zuen taldeak Egiako Txapelketa eta azterketa ona izan zen euren buruak proban jartzeko: “Bi aurkari gogor izan ditugu Egian eta test ona izan da lehiakorrak garela ikusteko. Sentsazio onak ditugu. Oraindik hobetzeko ere badugu, baina pozik gaude egin dugun lanarekin eta ilusioz eginen diogu aurre larunbateko partiduari”. Europako Txapelketako lehen kanporaketa hau ez da momentu hoberenean heldu, baina hori aitzakia ez dela ere argi utzi du Mozasek. Pasa den denboraldian Europan jokatzeko sailkapena gogorra izan zela oroitarazi du eta oraingoa “aukera ona” dela onartu du prestatzaileak, “pasa den urtean txapelketa honetan bizi genuena berriz ere errepikatzeko”.
Ez da erronka erraza izanen Bidasoarentzat Braga gainditzea. Portugalgo taldeak, entrenatzaileak erran bezala, “jokalari anitz izan ditu selekzioarekin eta orain arte ezin izan dira taldearekin aritu, beraz orain arteko partiduetan nahikotxo gorde dutela uste dut. Bi erdilari ere galdu ditu, baina fitxaketa onak egin ditu ere, esperientzia handiko jokalariak direnak. Orokorrean, talde ona da, ongi jokatzen duena eta ongi landua dagoena. Aniztasun handia dute eta entrenatzaile berarekin ere denbora daramate”.
Honen aitzinean, Bidasoa partiduan sartuta egon behar da eta ahalik eta maila hoberena eman kantxan: “Ahalik eta hoberen egin behar dugu. Garaipena ez dago soilik gure esku, baina partidu ona egin behar dugu, batez ere itzulerako norgehiagokari begira. Bragako kantxa gogorra da eta neurketa zaila izanen da. Hemengo partiduan zentratuta egon behar gara eta behin emaitza dugula, hangoa landu”. Hori baita larunbateko hitzorduko helburu nagusia, “orainaldian egotea”. Mozasek aipatu du, garaipenera ahalik eta gehien hurbiltzeko, orainean bizi behar dela taldea, “lehenik gaurko entrenamenduan, bihar biharkoan eta partiduan jokaldi guztietan adi egon. Horrek seguru garaipenera hurbilduko gaituela”.
Aurtengo plantillaren inguruan ere aritu da madrildarra: “Egin ditugun fitxaketak kalitatea eman digute. Hegaleko bi jokalariek aurredenboraldi ona egin dute; Nachok segurtasuna eman digu eta Piotrek eta Mariok ere Asier ongi ordezkatuko dute, esperientzia baitute eta lidergotza eskainiko digute taldean”. Jokalari guztiak prest egonen dira beraz, larunbateko partidurako. Mozasek azpimarratu du Egian, Limogesen kontra, “4-5 jokalari gorde” zituztelako minduta zeudelako, baina dagoeneko berreskuratutako daudela hurrengo hitzordurako.
Artalekun jokatuko den 2025/26 denboraldiko lehen partidu ofiziala izanen da Bragaren kontrakoa. Abuztu bukaera denez, zaila da jakitea ea zaleak hurbiltzeko aukera izanen duten edo ez. “Momentu zaila da eta ez dakigu ea pasa den urteko Europako gauetan bizitakoa errepikatuko den larunbatean. Etxean jokatzea puntu positiboa da guretzat eta jendeak gerturatzeko aukera badu, hobe. Bertzela, ez du inporta, data bereziak baitira”, aipatu du entrenatzaileak. Zaleak egon edo ez, garrantzitsuena pistan gertatzen denari adi egotea izanen da eta horretarako prest daude Bidasoako jokalari guztiak, denboraldiko helburu handienetako bat erdiesteko alegia.