Irudek Bidasoa Irunek ezin izan zuen Saint Raphael garaitu

2025/11/12
Talde irundarrak 35-32ko markagailuarekin galdu zuen frantziarren kontra, neurketa guztiak zehar gibeletik joan ondotik. Azken minutuetan alde hori ahalik eta txikiena izateko borrokan segitu zuen Alex Mozasen taldeak, baina ezin izan zuen asmatu. Orain, hiru goleko alde hori murriztu beharko dute Artalekun, itzulerako partiduan, EHF European Leagueko txapelketan aitzinera segitu nahi badute.
Irudek Bidasoa Irunek ezin izan zuen Saint Raphael garaitu
Saint-Raphael Var Handball 35
32 Irudek Bidasoa Irun

Irudek Bidasoa Irunek 35-32ko emaitzarekin galdu zuen atzo arratsean Saint Raphaelen kontra. EHF European Leagueko Multzo Faseko hirugarren jardunaldia zen eta neurketa gogorra bizitu zuen talde irundarra, frantziarren erasoak gelditu nahiean. Etxekoak nagusi izan ziren markagailuan eta bidasotarrak gibeletik joan ziren beti. Alde handiena sei golekoa izan zen, baina hori murrizteko gai izan ziren bisitariak, azkenik hiru goleko tartearekin bukatuz partidua. Orain, errenta horri egin beharko dio aurre Bidasoak, heldu den asteartean Artalekun jokatuko den itzulerako partiduan. 

Neurketa zailtasunekin hasi zuen Bidasoak, euren jokoa ezartzen saiatu baziren ere, Mujika eta Vallesen kanporaketak sufritu baitzituen. Egoera hau ongi aprobetxatu zuen Saint Raphaelek eta hiru goleko tartea ireki zuen. Alex Mozasek hutsartea eskatu zuen orduan, lehen ordu laurdena pasatuta, etxekoen indarra baretzeko. Talde irundarra buru-belarri saiatu zen aldea murrizten, baina frantsesek indarrez segitu zuten eta errenta mantendu zuten. Hurrengo minutuetan ordea, aurkariaren hainbat kontraeraso geldituta eta bat gutiago zirela aprobetxatuta, Bidasoak 1-3ko partziala egin zuen eta horrela, 20-18ko markagailuarekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira. 

Bigarren zatian, emaitza hau iraultzeko asmo garbia zuen Alex Mozasen taldeak, baina etxekoek ez zuten erreztasunik jarri. Sei goleko errenta eskuratzeko gai izan ziren lehen hamar minutuetan eta partidua zailtzen hasi ziren bidasotarrentzat. Hala ere, amore eman gabe, lanean segitu zuten hauek eta bere bertsio onena erakusten hasi ziren poliki-poliki. Leo Macielek atean egindako lanari esker eta zenbat gol sartuta, Bidasoak bi golera murriztu zuen aldea (26-24, 46. min). Hartu-emanean segitu zuten bi taldeek hurrengo minutuetan, eta lau eta bi goleko tartean ibili ziren bueltaka. Azken bost minutuetan alderik txikiena lortu zuen Bidasoa, 31-29ko emaitzarekin, eta hori oraindik gehiago murrizten saiatu ziren. Hala ere, Saint Raphaelek ongi kudeatu zituen aurkariaren erasoak eta alde hori mantendu ahal izan zuen bukaera arte, alde ere zertxobait handituz eta 35-32ko behin-betiko emaitzarekin amaituz partidua. 

Porrot honen ondotik, bi taldeak aurrez aurre izanen dira berriro heldu den asteartean, azaroaren 18an. Kasu honetan, Artalekun ariko dira eta etxekoek hiru goleko alde hori murriztu beharko dute EHF European League txapelketan aitzinera egiteko. Horren aitzinetik ordea, Nexus Energia ASOBAL Ligako jardunaldia jokatu beharko du talde horiak etxean ere. Larunbatean, azaroaren 15ean, Logroño hartuko du horretarako (17:30).