Irudek Bidasoa Irunek garaipen batekin eman dio bukaera urteari
Irudek Bidasoa Irunek 32-30eko markagailuarekin irabazi zion, pasa den larunbat arratsean, REBI Balonmano Cuenca taldeari. Hasieratik nagusi izan zen etxeko kantxan eta bigarren zatian, aurkariak garaipena kolokan jartzea lortu bazuen ere, Alex Mozasen jokalariek jardunaldiko bi puntuei eutsi egin zieten eta aurtengo denboraldiko bertze helburu bat lortu zuten honela, sailkapeneko hirugarren postuan bukatuz urtea eta Espainiako Koparako sailkatuz.
Talde irundarrak indarrez kantxaratu zen etxean, eta minutu gutian paratu zuen emaitza bere alde. Defentsan sendo ibili ziren bidasotarrak, batez ere atepean, eta hamargarren minuturako lau goleko errenta eskuratu zuten (9-5). Neurketak ildo beretik segitu zuen, nahiz eta Cuencak saiakerak egin norabidea daltzeko. Ezin izan zuen hau lortu eta etxekoek euren geldiketa gehienak deuseztatu zituzten. Horrela, atsedenaldira, 19-13ko markagailuarekin ailegatu ziren bi taldeak, horiek lehen ordu erdi bikaina jokatu ondotik.
Bigarren zatian, Cuenca hobeki azaldu zen eta joko arriskutsuagoa erakutsi zuen Artalekun. Aldea murrizten hasi zen eta Bidasoa adi ibili behar izan zen, garaipenak ihesik ez egiteko. Hala ere, sendo aritu zen bertze behin defentsan Alex Mozasen taldea eta bisitariek euren abantaila txikitu bazuten ere, oraindik 29-25ekoa mantendu zuten etxekoek azken hamar minutuei aitzin egiteko. Partiduaren azken txanpan, tentsioa nabaritu zen Artalekun, Bidasoaren garaipena kolokan zegoela ikusirik. Hala ere, buru argiarekin aritu ziren etxeko jokalariak eta jardunaldiko bi puntuei eutsi zieten, 32-30ko behin-betiko markagailua eskuratuz.
Urtea beraz, bertze helburu bat lortuta bukatu zu Bidasoak. Garaipen honekin, 21 puntu bildu baititu guztira, denboraldiko lehen zatian eta sailkapeneko hirugarren postua eskuratu du honela, Espainiako Kopan parte hartzeko helburua lortuz. Orain hilabete bateko atsedenaldia izanen du taldeak eta otsailean martxan jarriko da berriz ere, denboraldiko bigarren zatiarekin. Hain zuzen ere, taldearen hurrengo hitzordua Espainiako Kopa izanen da, oraindik zehaztu gabe dagoen aurkari baten kontra.