Irudek Bidasoa Irunek garaipen sendoa lortu zuen Logroñon
2026/04/13
Talde irundarrak 32-34ko markagailuarekin garaitu zuen, pasa den larunbatean, Logroño La Rioja taldea. Berdintasuna izan zen nagusi neurketan, baina bidasotarrek partidua bereganatzea lortu zuten azken txanpan. Horrela, bi puntu gehiago poltsikoratuta, sailkapeneko bostgarren postuan kokatu da Alex Mozasen taldea, hirugarren eta laugarrenetik puntu bakarrera.
Irudek Bidasoa Irunek 32-34ko markagailuarekin irabazi zuen, pasa den larunbatean, Logroño La Rioja taldearen kontra. Garaipen garrantzitsua izan zen bidasotarrentzat, sailkapeneko bigarren postuan dagoen taldearen kontra izan zelako eta sailkapenean eurengana gehiago hurbiltzeko saiakaera ongi atera zelako. Neurketa parekatua jokatu zuten bi taldeek bukaera arte, baina azkenean bisitariek ongi aprobetxatu zuten bi puntuak poltsikoratzeko aukera.
Defentsa maila altua erakutsi zuten bi taldeek neurketa hasieran eta horrek erasoan nabarmentzea oztopatu zion Bidasoari. Berdintasuna izan zen nagusi lehen ordu laurdenean (9-9) eta hori islatu zen atsedenaldira bidean markagailuan ere. Tartean, bisitariek errenta lortu zuten, nahiz eta Logroñok segidan hori oztopatu, 4-1eko partzialarekin. Hartu-emanean ari ziren honela, baina azkenean aldageletara 17-17koarekin iritsi ziren, berdinketa justu batekin beraz.
Bigarren zatian, Bidasoa bi puntuen bila joateko ideia garbiarekin kantxaratu zen eta segidan ireki zuen tartea bere alde. Etxekoak honi erantzuna bilatzen saiatu ziren eta lortu ere, berriz ere 27nakoa ezarriz markagailuan. Partiduaren azken txanpa tentsio handikoa izan zen, garaipena edozeinen alde erori zitekeelako. Bost minutu gelditzen ziren arauzko denbora bukatzeko eta orduan jarri zen aitzinetik Alex Mozasen taldea (29-31). Logroño estutu eta berriz ere, horiengana hurbildu ziren, nahiz eta ez zen nahikoa izan Bidasoaren abantaila deuseztatzeko. Julen Mujikaren azken golak lortu zuen merezimenduko garaipena poltsikoratzea, baita jardunaldiko bi puntuak ere, 32-34ko behin-betiko markagailuarekin.
Sailkapeneko bigarren postuan dagoen taldearen kontra garaipen on bat lortuta, sailkapeneko bostgarren postuan dago orain Bidasoa, 32 punturekin guztira. Puntu bakarrera ditu Torrelavega eta Granollers hirugarren eta bigarren sailkatuak, hurrenez hurren, eta bi puntura Logroño. Bidasotarren hurrengo hitzordua heldu den larunbatean izanen da, apirilaren 18an, Artalekun Horneo BM Alicanteren kontra (18:30).