Irudek Bidasoa Irunek hirugarren aldiz segidan egin du porrot

2025/11/17
Talde irundarrak 28-32 galdu zuen Logroñoren kontra. Lehen zatia aitzinetik bukatu zuen arren, bigarren zatian ihes egin zion partiduak Bidasoari. Errioxarrek kontrolpean eduki zuten jokoa eta etxekoak deseoso sentitu ziren kantxan. Hala ere, amore eman gabe lanean segitu zuten aldeak murrizteko helburuarekin, baina ez zuten lortu punturik eskuratzea.
Irudek Bidasoa Irunek hirugarren aldiz segidan egin du porrot
Irudek Bidasoa Irun 28
32 Dicorpebal Logroño La Rioja

Irudek Bidasoa Irunek 28-32 galdu zuen, pasa den larunbatean Artalekun, Logroñoren kontra. Lehen zatian nagusi izan zen etxeko taldea, baina bigarrenean ez zen eroso sentitu kantxan eta errioxarrek markagailua beraien alde jartzeko aprobetxatu zuten. Azken ordu erdian kontrolpean eduki zuten bisitariek jokoa eta bidasotarrek aldiz, saiatu arren, ezin izan zuten deus ere egin puntuak poltsikoratzeko. Porrota segidan ahantzi eta biharko neurketari begira jarri beharko da taldea, Europako Txapelketako helburuak erdiesten saiatzeko. 

Neurketa erritmo biziarekin hasi zen eta Bidasoak bere lehen errenta lortu zuen hamabostgarren minutuan (7-6). Bi taldeen indarra parekatua zegoen, Logroñok hurbiletik segitzen baitzion etxeko taldeari. Hala ere, Alex Mozasen taldeak defentsan lan ona egin zuen eta gol gutxi jaso zituen, markagailua bere alde mantenduz horrela. Atsedenaldira bidean, dinamika berarekin segitu zuten bi taldeek eta Bidasoak bi goleko aldea ireki bazuen ere, Dariel Garciaren kanporaketaren ondorioz, Logroño gol bakarrera hurbildu zen, lehen zatia 13-12koarekin bukatuta. 

Partidua guztiz irekita zegoela jakinda kantxaratu ziren bi taldeak bigarren ordu erdia jokatzeko. Logroñok emaitza iraultzeko asmo garbiarekin hasi zen lanean eta lehen bost minutuetan lortu zuen hori (14-15). Etxekoak deseroso zeuden kantxan eta hori ongi aprobetxatu zuen aurkariak, markagailuko errenta hiru golera handituz (19-22, 45. min). Xoan Ledo agertu zen orduan, atean lan bikaina eginez, eta Bidasoak ezin izan zuen erasoan asmatu. Hala ere, oraindik garaipena eskura zuen etxeko taldeak eta horren alde borrokan aritu zen. Saiatu baziren ere, aurkarien atezaina izan zuten behin eta berriz oztopo eta azken minutuetan erabat zaildu zitzaien garaipena. Logroño 0-3ko partziala eginda, guztiz erabakita utzi zuen partidua. Talde irundarra azken erasora arte saiatu zen neurketaren norabidea aldatzen, baina ezinezkoa egin zitzaion, errioxar talde indartsu baten kontra. 

Azkenik, 28-32ko markagailuarekin galdu zuen Bidasoak, baina porrotan gehiegi pentsatu gabe lanean segitu du azken egunotan. Izan ere, bihar (azaroaren 18an), Europako Txapelketako Multzo Faseko laugarren jardunaldia jokatu beharko du berriz ere etxean, Artalekun, Saint Raphaelen kontrako itzulerako neurketa ospatuko da bertan, 20:45ean.