Irudek Bidasoa Irunek ia erabakita utzi du EHF European Leagueko Multzo Faserako sarbidea

2025/09/01
Talde irundarrak hasiera eman zion denboraldiari, pasa den larunbatean (abuztuaren 30ean), EHF European Leagueko Qualification Roundeko joaneko partiduarekin. Braga izan zuen aurkari eta Alex Mozasen taldeak arrakastaz gainditu zuen lehen testa, 35-26ko markagailuarekin garaitu baitzuen talde portugaldarra, ia erabakita utziz Multzo Faserako sarbidea.
Irudek Bidasoa Irunek ia erabakita utzi du EHF European Leagueko Multzo Faserako sarbidea
Irudek Bidasoa Irun 35
26 POR ABC de Braga Lusíadas Saúde

Irudek Bidasoa Irunek arrakastaz gainditu zuen, pasa den larunbatean (abuztuaren 30ean), denboraldiko lehen testa. EHF European Leagueko Qualification Roundeko joaneko partidua jokatu zuen Braga taldearen kontra, etxean, Artalekun. Nagusitasuna erakutsi zuen bertan, eta oraindik ere gehiago emateko badu ere, Alex Mozasen mutilek Europan egon nahi dutela erakutsi zuten. 35-26ko markagailua eskuratu zuen azkenik, eta  kanporaketa ia erabakita utzi zuen itzulerako neurketaren faltan. 

Hasieratik hasi zen nabarmentzen Irudek Bidasoa Irun, denboraldia estreinatzeko jokatu zuen partiduan. EHF European Leagueko Qualification Roundeko joaneko partiduarekin eman zion hasiera ikasturteari, aurtengo helburu nagusietako bat denarekin alegia. Zaila bazen ere, arrakastaz jokatzen hasi zen etxeko taldea eta segidan, 5-1eko abantaila eskuratu zuen. Bragak ez zuen amore eman, hala ere, eta alde hori erdira murriztu zuen hamabostgarren minutura, 8-6koa lortuz. Alex Mozasen jokalariak kolpe horretatik suspertu ziren berehala eta, Leo Macielek atean egin zuen lan ederrari esker ere, bere errenta berriz ere handitu egin zuen hurrengo bost minutuetan (11-7). Defentsan sendotasuna eta erasoan eraginkortasuna erakutsiz segitu zuen talde irundarrak eta horrela, atsedenaldira, 16-11koarekin ailegatu zen. 

Bigarren zatian, portugaldarrak indarrez kantxaratu ziren eta kanporaketa oparitzeko prest ez zeudela erakutsi zuten. 0-4ko partziala egin zuten lehen hamar minutuetan eta 22-18koa ezarri zuten emaitzan. Etxekoak ez ziren kikildu eta, honen aitzinean, lasaitasunez erantzun zuten, baita jokaldi onekin ere. Horrela, berriz ere ireki zuten bidasotarrek hutsunea markagailuan eta azken hamar minutuetan, zazpi goleko errenta zuten euren alde (27-20). Hori guti balitz, hamarreko aldearen bila joan zen taldea, eta ez bazen posible izan ere, hurbil gelditu zen. Izan ere, azken jokaldietan mantendutako erritmo biziari esker, bederatzi goleko abantailarekin irabazi zuen Alex Mozasen taldeak, 35-26ko markagailuarekin hain zuzen ere. 

Itxita ez badago ere, ia erabakita utzi du kanporaketa Irudek Bidasoa Irunek. Itzulerako partidua dute faltan, heldu den larunbatean (irailaren 6an), Bragan jokatuko dena (18:00). Portugaldarren kantxa zaila eta beroa dela jakinarazi dute anitzek, baina hala ere, bederatzi goleko aldeari aitzin egin beharko diote Bragakoek eta hori ere ez da erraza izanen.