Irudek Bidasoa Irunek irailaren 12an hasiko du Nexus Energia ASOBAL Liga Artalekun

2025/08/19
Caserio Ciudad Real izanen da talde irundarraren lehen aurkaria, irailaren 12an (ortzirala), 20:30ean. Mailaz igo berria den taldea izanen dute aurrez aurre, eta horrek presio eta urduritasun gehigarriak ekarriko ditu Artalekura. Horiek EHF European Leagueko Qualification Round-a bukatu berri izanen dute ordurako eta lehiaketan buru-belarri sartuta izanen dira dagoeneko.
Irudek Bidasoa Irunek irailaren 12an hasiko du Nexus Energia ASOBAL Liga Artalekun

Irudek Bidasoa Irunek badu Nexus Energia ASOBAL Ligako lehen jardunaldiaren berri. Irailaren 12an emanen dio taldeak hasiera 2025/26 denboraldiari, Artalekun, Caserio Ciudad Real taldearen kontrako partiduarekin. 20:30ean hasiko da norgehiagoka eta LaLiga+ katetik zuzenean segitu ahal izanen da. 

Pasa den denboraldi hasieran bezala, mailaz igo berria den taldea izanen dute lehen aurkaria bidasotarrek. Villa de Aranda izan zuten orduan aurrez aurre eta ez zen nahi bezala atera. Alex Mozasen garaian aipatu bezala, igo berria den taldea arriskutsua da aurreko denboraldian lortutakoa oroimenean dutelako eta horrek motibazio berezia sorrarazten duelako. Villa de Arandaren kontra, 26ra berdinduta bukatu zuen Bidasoak orduan. Aurten ere esfortzu berezia egin beharko dute Caserio Ciudad Real taldearen kontra, egoera berean ailegatuko delako Artalekura. Edonola ere, Bidasoak EHF European Leagueko Quialification Rounda bukatu berria izanen du ordurako, eta horrek bere alde jokatuko du, lehiaketa martxa ezberdina izanen duelako talde horiak Liga hasterako.