Irudek Bidasoa Irunek kostatako puntua atera zuen Abanca Ademar Leonen kontra
Irudek Bidasoa Irunek eta Abanca Ademar Leonek 26nako berdinketa erdietsi zuen atzo arratsean Artalekun. Nexus Energia ASOBAL Ligako hirugarren jardunaldia jokatu zuten bertan eta puntuak banatuta bukatu zen partidua. Hartu-emanean aritu ziren bi taldeak, euren defentsa onenak kantxaratuz, eta azkenean neurketa guztian zehar nagusi izan zen berdinketa erakutsi zuen behin-betiko markagailuak. Etxekoak gehiago izan ziren arren, erasoan asmatu ezinik aritu ziren bi zatitan, akatsak eginez, eta horrek galarazi zien garaipena.
Indarrez kantxaratu ziren bi taldeak atzo Artalekun, batez ere defentsa sendoa erakutsiz. Bakoitzak bere erritmoa ezarri nahiean aritu ziren lehen minutuetan eta Abanca Ademar Leonek lortu zituen azkenik lehen abantailak (4-5, 10:30). Hala ere, Bidasoak lanean segitu zuen eta hurrengo minutuetan emaitza berdintzea lortu zuen (8-8, 16:30). Leondarrek ez zuten amore eman eta, atean gehiago asmatuz, 0-3ko partzial batek aitzinetik jarri ziren berriz ere (10-13, 23:45). Honek partiduko lehen hutsartea eskatzera behartu zion Alex Mozasi eta etxekoen mesederako izan zen, berriz ere emaitza berdindu ahal izan zuelako Bidasoak horrela (13-13, 28:20). Edonola ere, erasoan egindako akatsek eta hutsegiteek atsedenaldira 13-15ko emaitzarekin ailegatzea eragin zuen.
Bidasoak helburu argia zuen bigarren zatirako, markagailua iraultzea, eta hori segidan lortu zuen etxeko taldeak. Lehen minutuetan 4-1eko partziala eskuratu zuten eta 17-16ko eskuratu. Tartea, hala ere, ez zen handia eta segidan lortu zuen aurkariak hau berdintzea (21-21, 46:20). Erritmo biziarekin segitzen zuten bi taldeek jokatzen eta batez ere, Leo Macielen lan ona ikusi ahal izan zen atepean, horrek mantentzen baitzuen pareko emaitza bi taldeen artean. Erasoan berriz, Bidasoak asmatu ezinik segitzen zuen eta gauza bera gertatzen ari zitzaion azken minutuetan Ademar Leoni ere. Zehastasun faltak berdintasuna erakusten zuen markagailuan eta azken segunduetan alde batera edo bertzera lerratu zitekeen emaitza. Etxekoek zuten garaipena eskuratzeko aukera eskuetan, baina bertze behin ere baloia ez zen sarera sartu. Bi puntuak poltsikoratzeko aukera beraz, aurkariek izan zuten azken jokaldian, baina hauek ere ez zuten asmatu. Rodrigo Salinasek falta batekin erasoari eutsi zion eta Ademar Leoneko jokalariak ez zuen hau aprobetxatu gola sartzeko.
Azkenean beraz, 26-26ko behin-betiko emaitzarekin bukatu zen Bidasoa eta Ademarren arteko neurketa. Puntuak banatu zituzten honela eta bost ditu orain guztira talde bidasotarrak, sailkapeneko lehen postuan asteburuko neurketak jokatu gabe daudelarik oraindik. Alex Mozasen taldeak urriaren 4an jokatuko du hurrengo partidua, larunbatean 20:00etan, Viveros Herol BM Nava taldearen kontra.