Irudek Bidasoa Irunek modu onean agurtu du Europako Txapelketa

2026/03/11
Talde irundarrak 34-36ko markagailuarekin galdu zuen atzo, Artalekun, Montpellier taldearen kontra. Dagoeneko lehiaketatik kanporatua zela jakinda jokatu zuen Alex Mozasen taldeak partidua eta modu onean agurtu zuen txapelketa zaleekin batera. Neurketan sartua egon zen uneoro eta gibeletik, hurbiletik, segitu zien frantziarrei. Hala ere, garaipena ez zen posible izan eta horrela, bukatu dira Artalekuko Europako arrats bereziak.
Irudek Bidasoa Irunek modu onean agurtu du Europako Txapelketa
Irudek Bidasoa Irun 34
36 Montpellier
Irudek Bidasoa Irunek 34-36ko markagailuarekin galdu zuen atzo, Artalekun, Montpellier taldearen kontra. EHF European Leagueko Main Roundeko azken jardunaldia izan zen eta aukerarik gabe ailegatu zen talde irundarra hitzordura. Hala ere, garaipenaren bila kantxaratu zen eta uneoro gibeletik, eta hurbiletik, segitu zion talde frantziarrari. Azkenik, puntuak eskuratzea ez zen posible izan, baina sentsazio onekin eman zioten bukaera Europako Txapelketari. Neurketa erritmo biziarekin hasi zen bi taldeen aldetik. Etengabeko gol-trukean aritu ziren lehen minutuetan eta horrek ere islada izan zuen markagailuan, parekatuak baitziren irundarrak eta frantziarrak (6-7, 10 min.). Hala ere, hamargarren minututik aitzinera, Montpellier agintze hasi zen eta, defentsa sendo eta kontraeraso eraginkorrei esker, lau goleko abantaila eskuratu zuen (11-15, 20 min.). Irundarrek ongi egin zioten aitzin eraso honi eta euren jokorik onena kantxaratu zuten. Defentsan sendo aritu ziren eta erasoan ere jokaldi bikainak egin zituzten, 7-3ko partziala lortuz eta atsedenaldira, 18-18ko emaitza berdinduarekin joanez. Bigarren zatiaren hasieran partidua irekita zegoen eta bi taldeak ere garaipena eskuratzeko helburu garbiarekin hasi ziren lehian. Frantziarrek alde pixka bat hartzea lortu zuten lehen minutuetan, bidasotarrek erasoan izandako akats batzuen ondotik (23-26, 40 min.). Etxekoek markagailuak ihesik ez egitea nahi zuten, baina ez zuten arrakasta handirik izan horretan. Montpellierrek maila handia erakutsi zuen defentsan eta Bidasoaren erasoak gelditu zituen, abantaila ere mantenduz honela. Talde irundarrak ez zuen amore eman eta gertutik segitu zion aurkariari, gol bakarrera hurbilduz (33-34, 57 min.). Neurketak bizirik segitzen zuen azken minutuetan eta ongi borrokatu zuten Alex Mozasen jokalariek garaipenagatik. Hala ere, bisitariek ez zeuden prest puntuak oparditzeko eta azkenik, 34-36ko emaitzarekin bukatu zuten jardunaldia, aurtengo denboraldiko Europako ibilbideari agur erranez. Europako arratsak bukatuta, ASOBAL Ligako helburuei eutsi beharko die orain Bidasoak. Hurrengo hitzordua etxean izanen dute, Barça handiaren kontra. Partidua larunbatean izanen da, martxoaren 14an, 20:30ean.