Irudek Bidasoa Irunek Montpellier jasoko du gaur Artalekun

2026/03/10
Talde irundarrak ez du deus galtzekorik gaur jokatuko den Montpellierren kontrako partiduan. EHF European Leagueko Main Roundeko azken jardunaldia izanen da eta, puntu bakar bat ere lortuta, Bidasoa txapelketatik kanpo dago dagoeneko. Hala ere, zaleek gozarazteko hitzordua izanen da, gazteei minutuak emateko eta, noski, garaipena eskuratzen saiatzeko.
Irudek Bidasoa Irunek Montpellier jasoko du gaur Artalekun
Irudek Bidasoa Irunek Montpellier jasoko du gaur, martxoaren 10ean, etxean (20:45). EHF European Leagueko Main Round-eko azken jardunaldia izanen da eta talde irundarrak lehiaketatik kanpo dagoela daki honezkero. Hala ere, lehiatzeko prest dago eta fase honetan lehenengo puntuak eskuratzeko ere. Talde gogorra izanen du aitzinean, baina zaleak gozarazi nahi dituzte bidasotarrek. Huescan garaipena eskuratzetik dator Bidasoa, nahiz eta tartean, jokalari bat gehiago galdu duen. Unai Barretok gurutzatua hautsi baitu eta kantxatik kanpo egon beharko da denbora batez. Hala ere, Huescan “hain ongi lehiatu ondotik, zapore gozoa” du taldeak Alex Mozas entrenatzaileak erran bezala, eta hori baliatuko dute gaurko partiduari aitzin egiteko. Ez dira, ordea, nahi bezala iritsiko EHF European Leagueko Main Roundeko azken jardunaldia jokatzera: “Partidu honetara hurrengo fasera pasatzeko aukerekin ailegatzeko itxaropena genuen, nahiz eta zaila izanen zela jakin. Aukerarik gabe iritsi gara ordea, jokoan deus ere ez dugula. Hala ere, anitz dugu klubari erakusteko. Hobetzen joateko neurketa izanen da, gazteei aukera ematekoa eta lehiatu eta garaipena eskuratzen saiatzekoa”. Gaztek izan dira, momentu zailenetan, aurpegia eman dutenak eta taldeari laguntza eskaini diotenak. Horiei aukera eman nahi die Mozasek gaurkoan, zaleen aitzinean euren balioa erakusteko eta txapelketa handienean minutuak izateko. “Ahalik eta partidu hoberena egin behar dugu, nahiz eta ez dugun jendea bortxatu nahi. Aldaketak eginen ditugu eta gazteei, etxean, minutuak emanen dizkiegu. Protagonistak izanen dira eta hori zaleei ere eskainiko diegu. Gure proiektua da hori eta lan horrek ere Europan berriz ere egotea ahalbidetuko digu”, gaineratu du entrenatzaileak. Nahiz eta gaurkoan lehiatzera aterako diren, nahi gabean asteburuko partidua izanen du buruan taldeak. ASOBAL Ligan Barça jasotzea egokitzen zaie eta bertan puntuak eskuratzea da orain garrantzitsuena Bidasoarentzat. Horregatik beragatik, “hurrengo partidua garrantzitsuena dela jakinda” egin beharko diote aurre gaurkoari. Edonola ere, argi dute “segundu bakar batean ere” ez diotela “lehiatzeari utziko”, helburua fase hau punturen batekin bukatzea izanen delako. Gazteengatik, zaleengatik eta klubarengatik eginen dute Europan azken esfortzu hau, eta ondotik hasiko dira talde kataluniarrean pentsatzen.