Irudek Bidasoa Irunek porrot batekin hasi du denboraldiko bigarren itzulia

2026/02/11
Talde irundarrak 33-30eko markagailuarekin galdu zuen atzo BM Caserio Ciudad Real taldearen kontra, denboraldiko bigarren itzuliko lehen jardunaldian. Hasieratik erakutsi zuen bere nagusitasuna etxeko taldeak eta gibeletik segitu behar izan zuten bidasotarrek. Hurbil mantendu ziren tarte gehienean, baina azkenean ezin izan zuten guztiz murriztu aurkariak lortutako errenta.
Irudek Bidasoa Irunek porrot batekin hasi du denboraldiko bigarren itzulia
BM Caserio Ciudad Real 33
30 Irudek Bidasoa Irun
Irudek Bidasoa Irunek 33-30eko markagailuarekin galdu zuen atzo BM Caserio Ciudad Real taldearen kontra, denboraldiko bigarren itzuliko lehen jardunaldian. Atsedenaldiaren ondotik, ez du martxa egokia hartu talde horiak, eta ezin izan du punturik batu ASOBAL Ligako urteko lehen partiduan. Etxekoek euren nagusitasuna erakutsi zuten hasieratik eta, gibeletik segitu bazuten ere, bidasotarrek ezin izan zuten lehen minutuetan lortutako errenta hori deuseztatu. Hala ere, hasiera bertzerik ez da eta hau iraultzeko aukera izanen dute segidan Artalekun. Neurketa erritmo biziarekin hasi zen bi taldeentzat. Hartu-emanean aritu ziren lehen minutuetan eta nahiko parekatuak ibili ziren, nahiz eta etxekoek abantaila txiki bat eskuratu (5-4, 10 min.). Hori aprobetxatuz, eta defentsan hobetuz, Ciudad Realek aldea ireki zuen markagailuan, Bidasoak ere zenbait akats egin ondotik (9-6, 16 min.). Alex Mozasen taldea beharretan zegoen eta ongi erantzun zuen horri, 2-5eko partziala eginez, 11-11ko berdinketa erdietsiz. Hala ere, atsedenaldira bidean, berriz ere nagusitu zen etxeko taldea eta emaitza bereganatu zuen lehen zatiaren bukaeran, 16-14koarekin. Bigarren zatian, bide beretik kantxaratu zen Ciudad Real eta bi goleko tartea laura handitu zuen lehen hamar minutuetan (24-20). Bidasoak, saiatu bazen ere, ez zuen jarraikortasunik eduki bere jokoan. Aurkariaren defentsa sendo batekin egin zuen topo gainera, eta horrek ez zion mesederik egin. Kontrara, etxekoek sei goleko abantaila eskuratu zuten eta garaipena eskura zuen neurketaren bukaeran (30-24). Irundarrek hau iraultzeko lan gogorra egin zuten, eta amore eman gabe segitu zuten jokoan abantaila murrizteko helburuarekin. Lortu ere egin zuten entrenatzailearen agindu hau eta 33-30 markagailua ezarri zuten arauzko denbora bukatzerako, nahiz eta denbora gehiago ez eduki guztiz deuseztatzeko Ciudad Realen nagusitasuna. Denboraldiko bigarren itzuliko lehen jardunaldian porrota jasota, hurrengo erronkari begira dago dagoeneko Bidasoa. Etxean arituko da urte honetan lehen aldiz eta Cajasol Angel Ximenez Puente Genil izanen du aitzinean, ortziralean (otsailaren 13an), 20:30ean, 2026ko ASOBAL Ligako lehen bi puntuak eskuratzeko asmoz.