Irudek Bidasoa Irunek porrot egin zuen Navaren kontra

2026/03/02
Talde irundarrak 26-27ko emaitzarekin galdu zuen, pasa den ortzirale arratsean, Viveros Herol BM Nava taldearen kontra. Markagailuak neurketa parekatua islatzen zuen, elkarren ondoak baitzeuden bi taldeak minuturo. Hala ere, bidasotarrak ez ziren behar bezala kantxaratu eta joko txarra erakutsi zuten, aurkariari garaipena eskuratzeko aukerak biderkatuz.
Irudek Bidasoa Irunek porrot egin zuen Navaren kontra
Irudek Bidasoa Irun 26
27 Viveros Herol BM Nava
Irudek Bidasoa Irunek 26-27 galdu zuen, pasa den ortzirale arratsean, Viveros Herol BM Navaren kontra. Etxeko taldea ez zen behar bezala kantxaratu Artalekun eta garesti ordaindu zituen jokoan izan zituen zehaztasun faltak. Hala ere, markagailuan elkarren ondoan joan ziren neurketa guztian zehar, nahiz eta azken minutuan talde bisitariak eraman garaipena, baita jardunaldiko bi puntuak ere. Bidasoari hasieratik kosta egin zitzaion partiduan sartzea. Baloi zirkulazioan zehaztasun galtak izan zituen eta hori ongi aprobetxatu zuen Navak aitzinetik jartzeko. Euren atezainaren geldiketei esker gainera, 7-9koa ezarri zuen lehen ordu laurdenean. Minutuan aurrera egin ahala, etxekoek beraien lekua aurkitzen hasi ziren eta emaitza berdintzea lortu zuten atsedenaldira bidean, Furundarenaren bi golei esker (12-12). Berdinketa hori eutsita, lehen zatiren bukaeran, bina gol sartu zituzten bi taldeek eta berdinduta joan ziren aldageletara, 14-14koarekin. Bigarren zatian, bidasotarrak indartsu kantxaratu ziren eta erasoan finago ibili ziren, baita defentsan ere. Horrela, 17-14koa lortu zuten lehen minutuetan, Navak azkar berdindu zuen erdialderako (20-20, 45 min.). Azken txanpan, etengabeko gol-trukea izan zuten bi taldeek eta berdinketa zen nagusi markagailuan. Lau minuturen faltan ordea, talde bisitaria jarri zen aitzinetik eta Xavi Gonzalezek lortu zuen hori berriz ere berdintzea (26-26). Navak sartu zuen hurrengo gola eta neurketaren azken aukera, berriz ere berdinketa lortzeko, Bidasoak izan zuen. Hala ere, Gorka Nietok ez zuen jaurtiketa horretan asmatu eta beraz, 26-27ko behin-betiko emaitzarekin bukatu zen jardunaldia. Porrot honetan gehiegi pentsatzeko astirik gabe, Alex Mozasen taldeak Alemaniara bidaiatuko du gaur, bihar (martxoaren 3an), THW Kielen kontrako partidua jokatzeko, European Leagueko Main Round fasearen barrenean (18:45).