Irudek Bidasoa Irunek porrotarekin bukatu du denboraldia
Irudek Bidasoa Irunek 33-25 galdu zuen Plenitude ASOBAL Ligako azken jardunaldian, Angel Ximenez Puente Genil taldearen kontra. Neurketa garrantzitsua zen bi taldeentzat. Izan ere, horiek sailkapeneko bigarren postua zuten jokoan, andaluziarrek berriz, maila mantentzea. Azken hauek helburua lortu zuten garaipenarekin eta Bidasoa sailkapeneko laugarren postuan sailkatu da.
Angel Ximenez Puente Genilek argi erakutsi zuen lehen momentutik bere etxean garaipena eskuratu nahi zuela. Maila gorena zuen jokoan Plenitude ASOBAL Ligako azken jardunaldian eta hasieratik indarrez kantxaratu ziren andaluziarrak. Lehen hamar minutuetan hiru goleko abantaila lortu zuten etxekoek, 7-4koa, eta Irudek Bidasoa Irun desorekatzeko gai izan ziren horrekin. Euren nagusitasuna mantentzen segitu zuten minutuak pasatu ahala eta hiru goleko tartea seikoa bihurtu zen lehen zatia bukatzeko bost minutu gelditzen zirenean. Irundarren jokoan frustrazioa zen nabaria eta hori ere emaitzan islatu zen, 18-10ekoarekin joan baitziren bi taldeak atsedenaldira.
Bigarren zatian, Bidasoa partidura sartzen saiatu zen eta markagailuko tartea murrizteko ahmleginetan hasi zen. Hala ere, etxekoek intentsitate eta konzentrazio maila berarekin segitu zuten eta errenta ere mantentzeko gai izan ziren (21-13, 40. minutuan). Asier Nieto izan zen talde horiko jokalaririk eraginkorrena eta erasoan fin ibili zen, taldeari behar zuena emanez. Hala ere, andaluziarrek erraztasuna izan zuten golekin eta lasaitasunez jokatzen segitu zuten, partzial positiboak pilatuz (26-27, 45. minutuan). Alex Mozasek hutsartea eskatu zuen orduan, partiduaren norabidea aldatzeko asmoz, baina ez zuen lortu. Puente Genilek defentsa sendo mantendu zuen eta horien aukera guztiak zapuztu zituen. Azkenik, 33-25 emaitzarekin bukatu zen partidua, andaluziarren alde. Hauek denboraldiko helburua lortu zuten, maila gorena mantentzea, irundarrek aldiz ez. Sailkapeneko laugarren postuan bukatu dute Alex Mozasen jokalariek denboraldia eta orain Errege Kopan jokatu beharko dute Europako Txapelketako txartela.