Irudek Bidasoa Irunek puntuak galdu zituen Torrelavegan
Irudek Bidasoak Irunek 32-31 galdu zuen, pasa den larunbatean (azaroaren 8an), Torrelavegaren kontra. Hasieratik nagusitu zen etxeko taldea eta partzial guztietan ere, aitzinetik egon ziren kantabriarrak. Hala ere, gibeletik segitu zuten horiek eta azken minutuetan emaitza berdintzeko gai izan ziren. Puntuak banatzea errealitate bihurtu zitekeenean, Torrelavegak ongi aprobetxatu zuen bere aukera eta gola sartu zuen, garaipena eskuratuz eta jardunaldiko bi puntuak ere poltsikoratuz.
Torrelavega indartsu kantxaratu zen etxean, pasa den larunbatean, eta lehen hamar minutuetan, markagailuan lau goleko aldea ireki zuen (9-5). Bidasoak azkar erantzun behar izan zuen eta erasoan asmatu ondotik, erdira murriztu zuen bi taldeen arteko tartea (12-10, 18. minutuan). Atsedenaldira bidean, Eneko Furundarena bi minutuz kanporatua izan zen eta etxekoek ongi aprobetxatu zuten egoera 4-1eko partziala egiteko. Honi ere erantzun azkarra eman zioten Mario Nevadok eta Esteban Salisanek eta horrela, 19-15ko emaitzarekin joan ziren bi taldeak aldageletara.
Bigarren zatian, markagailua berdintzeko asmo garbiarekin kantxaratu zen Alex Mozasen taldea eta, bederatzi minuturen buruan, bi golera murriztu zuen kantabriarren errenta. Honek taldeari indarra eman zion eta hurrengo minutuetan 0-4ko partziala egiteko gai izan zen, neurketa berdinduz (25-25, 47. minutuan). Azken txanpan sartu zen neurketa orduan eta bi taldeak berdinduta segitzen zuten. Defentsan fin aritu zen Bidasoa eta erasoan ere asmatuta, Esteban Salinasen golari esker, lau minutu falta zirela, aitzinetik jarri zen talde horia. 31-31 berdinduta ailegatu ziren azken minutura eta, baloia bistarien jabetzakoa zela, Mozasek hutsartea eskatu zuen. Hala ere, Bidasoa ez zen gai izan eraso honetan asmatzeko eta beraz, Torrelavegari eman zion neurketa erabakitzeko aukera garbia. Hauek Skrzyniarz gainditu zuten eta baloia sarera bida lita, garaipena eskuratu zuten, 32-31ko emaitzarekin.
Puntuak galduta, porrota segidan ahantzi behar izan du talde bidasotarrak, bihar (azaroaren 11n), Europako Txapelketako erronka berri bati egin beharko diolako aitzin. Hain zuzen ere, Multzo Faseko hirugarren jardunaldia jokatuko du bihar Bidasoak, Saint-Raphaël Var Handball taldearen kontra.