Irudek Bidasoa Irunek Torrelavegarekin berdinduta bukatu zuen Artalekun ospatu zen partidua
2026/04/07
Bi taldeak parekatuak egon ziren partiduaren hasieratik eta bukaeran ere horren islada izan zen markagailua. 34nako berdinketarekin bukatu zen Artalekun jokatutako norgehiagoka, etxekoentzat gazi-gozoa izan zena, garaipena merezi zutenaren sentsazioa baitzuten.
Irudek Bidasoa Irunek 34-34ko markagailuarekin berdindu zuen, pasa den larunbatean Artalekun, Bathco Torrelavega taldearen kontra. Hasieratik nabarmena izan zen bi taldeen arteko berdintasuna eta azken minutuetan erabaki zen neurketaren askaera. Azkenean, puntuak banatu zituzten gipuzkoarrek eta kantabriarrek, lehenentzat zapore gazi-gozoa izan zuen berdinketaren ondorioz.
Bi taldeak erritmo bizian kantxaratu ziren eta lehen minutuetan gol-trukean aritu ziren, lehen ordu laurdenerako 9-9koa ezarriz markagailuan. Berdintasuna zen nagusi, nahiz eta atsedenaldira bidean, Bidasoak abantaila txiki bat lortu zuen eta aitzinetik joan zen aldageletara, 15-14ko emaitzarekin. Bigarren zatian, errenta hau areagotzea zen etxekoen helburua, baina bide beretik joan zen norgehiagoka. Intentsitate altuarekin, defentsa fisikoarekin eta erritmo biziarekin kantxaratu ziren berriz ere bi taldeak eta bukaera arte berdinduak egon ziren markagailuan, nahiz eta Alex Mozasen mutilek lehen zatiko gol bakarreko alde hori mantendu.
Azken minutuak tentsio handikoak izan ziren. Bidasoak aurpegirik onena erakutsi zuen orduan, defentsan lan ona eginez. Horri esker, 33-30ekoa jarri zuen markagailuan partidua bukatzeko hiru minutu eskas gelditzen zirenean. Hala ere, Torrelavegak ez zituen besoak jeitsi eta, 30 segundoren faltan, markagailua 33nako berdinketan utzi zuten. Etxekoek ezin izan zuten presioa ongi kudeatu eta abantaila eman zioten aurkariari. Hauen erasoan izan zen partiduko polemikarik handiena. Etxekoek ongi defenditu zuten kantabriarren erasoa, baina aldaratzean epaileetako batek neurketa bukaera adierazi zuen. Bertzeak ordea, falta adierazi zuen eta hor nahastea izan zen nagusi kantxan. Azkenean, denbora bukatuta zegoela, bisitariei zuzeneko falta jaurtiketa eman zitzaien eta ongi aprobetxatu zuten aukera 34-34koa ezartzeko.
Zapore gazi-gozoarekin hasi zuten beraz bidasotarrek astea, baina dagoeneko heldu den asteburuari begira ari dira. Heldu den larunbatean, apirilaren 11n, Logroño La Rioja bisitatuko dutelako (19:30), sailkapeneko bigarren postuan dagoen taldea.