Irun Hiria Sariaren 35. edizioa ospatuko da asteburuan Jaizubia Hipikaren instalakuntzetan
Nagore Otañoren omenez egiten den Irun Hiria Sariaren 35. edizioa ospatuko da asteburu honetan, ekainaren 14an eta 15ean, Jaizubia Hipika Klubak antolatuta. Euskal Herriko amazona eta jinete hoberenak ariko dira lehian bertan, baita Kantabriakoak ere. Proba exijenteak izanen dira, iparraldeko pistarik onenetariko batean jokatuko direnak eta 0,50 eta 1,25 metroen arteko jauzian gainditu beharko dituzte haurrek zein helduek.
Larunbatean zein igandean, 9:00etan hasiko dira probak. Itziar Urtizberea Jaizubia Hipika Klubeko presidenteak jakinarazi duenez, “0,50 eta 1,25era arteko jauziak izanen dira eta haurrak zein helduak ariko dira lehian, baita amateur zein profesionalak diren amazona eta zaldizkoak ere”. Gainera, jatorri desberdineko kirolariek ere parte hartuko dute: “Euskal Herritik etorritakoak, baina baita Kantabriakoak ere”. Irungo besten programaren barrenean sartzen den kirol hitzordua denez, Urtizbereak jendea animatu nahi izan du bertara hurbiltzera, “aukera ona baita animaliekin eta aire librean kirola nola egin daitekeen ikusteko”. Sarrera doakoa dela ere adierazi du.
Klubeko kirol zuzendaria den Jose Antonio Niñok partehartzaileen izenak ere azpimarratu ditu, goi mailako amazona eta zaldizkoak baitira asteburuan Irunen lehiatuko direnak, txapelketak bere lekua egin duenaren seinale. Bertzeak bertze, “Kevin Gonzalez de Zarate, Paula Zafra, Xabier Zabaleta, Mikel Otxotorena eta Xabier Berrotaran” izanen dira lehian, baita klubeko kirolariak ere, aurtengo denboraldian emaitza onak biltzen ari direnak. Bukatzeko, ikusle bezala bertaratzen direnentzat autoak aparkatzeko lekua ezarriko dutela adierazi du Niñok, ikastolako eremuan, baita klubeko instalakuntzen inguruan ere.