Irundarren bultzada eskatu dute Real Unionek larunbatean Galen duen finala harmailetatik irabazten hasteko

2025/05/15
Mailari eusteko lehian bete-betean sartuta dago talde txuribeltza, eta larunbatean (19:00) Osasuna Promesas taldearen kontrako partida hil ala bizikoa denez, Irungo Udalak Stadium Galeko harmailak betetzeko deia luzatu die irundarrei. Klubak bi gonbidatu onartuko ditu bazkide bakoitzeko. Jon Irazustabarrena "Txusta" kapitainak «zaleen emozioa jokalariek zelaian sentitzen dutela» gogoratu du.
Irundarren bultzada eskatu dute Real Unionek larunbatean Galen duen finala harmailetatik irabazten hasteko

Cristina Laborda alkateak eta Borja Olazabal Kirol ordezkariak bere babes guztia eskaini diote Real Union taldeari gaur, eta udalaren izenean larunbatean 19:00etan txuribeltzek jokatuko duten «hil ala biziko finalean» Gal Stadiumeko harmailak betetzeko deia luzatu diete irundarrei. Kamiseta txuribeltza jantzita, alkateak Real Union Irungo historiaren parte dela oroitarazi du, eta «irundarron izaeraren parte, ezbeharren aurrean hazi egiten garela». Hortaz, Gal betetzeko deia luzatu du larunbatean, gogoratuz klubak partidaren atarikoan animazioak antolatuko dituela, eta bazkide bakoitzak bi lagun gonbidatu ditzakela dohainik partida ikustera. 

Izan ere, 1. RFEF mailari eusteko borrokan darama denboraldi osoa Real Union, eta azken bi denboraldietan bezala, azken jardunaldia arte itxaron beharko du heldu den denboraldian non lehiatuko den argitzeko. Bilboko Athletic B taldearen aurka bukatuko dute liga Lezaman, baina maiatzaren 17 honetan, 19:00etan, arerio zuzena den Osasun Promesasen aurka garaipena lortzea ezinbestekoa izango da mailari eusteko helburua lortzeko. Bestela, matematikak ez zaizkio aterako ongi talde txuribeltzari. Jaitsiera postuetan dagoen Lugo taldearekin berdinduta dago 43 punturekin, eta Osasuna Promesasek 44 puntu dituen bitartean, gutxienez jaitsierako bi postu jokoan daude, lehia horretan murgilduta dabiltzan bost talderentzat. 3 puntuko aldea besterik ez dago Unionistas Salamanca, Osasuna Promesas, Real Union, Lugo eta Sestaoren artean. Nahiz eta matematikoki, oraindik ere lehian  goitik eta behetik beste talde batzuk ere sar daitezkeen arren. 

Udalaren babesa eskertu du Igor Emery Real Unioneko presidenteak udaletxean egindako harreran, «aurreko urteetan La Nucia eta Fuenlabradaren kontrako partidetan bezala, helburu lortzeko giro aparta lortu genuen Galen, eta gu bezala, zaleak ere larunbaterako prest egon daitezen espero dugu», eskatu du Emeryk. Berarekin batera, taldeko kapitaina, Jon Irazustabarrena "Txusta" ere hurbildu da udaletxeko agerraldira, eta ildo beretik, zaleen laguntza giltzarri jo du. Aurreko bi urteetako finaletan zelai gainean izan zen, eta eskarmentua badu halakoetan. Eta dioenez, «oso garrantzitsua da txuribeltzen babesa harmailetan, zelaian sentitzen dugu eta aurrekoetan haien bultzadak eraman gintuen garaipenera, eta orain ere hala izatea nahi dugu», azaldu du kapitainak.