Irungo 18 kirol klubek ateak irekiko dizkiete eskualdeko adin guztietako emakumeei

2026/05/13
Parean elkarteak eskualdeko neskato eta emakumeen artean kirola sustatzeko helburuarekin, 2026ko kirol kluben gida plazaratu du. Irungo 18 kirol klubek egin dute bat ekimenarekin eta, heldu diren asteetan, ate irekien jardunaldiak antolatuko dituzte, euren kirolak ezagutzera emateko eta heldu den ikasturteari begira, ahalik eta neska eta emakume gehien atxikitzeko helburuarekin. Paren elkartearen nahia, espazio hori ere emakumeentzat dela aldarrikatzea da.
Irungo 18 kirol klubek ateak irekiko dizkiete eskualdeko adin guztietako emakumeei
Parean elkarteak 2026ko kirol kluben gida argitaratu berri du, bertze urteetan egin bezala, adin guztietako eskualdeko emakumeak kirolera atxikitzeko asmoz. Irungo 18 kirol klubek egin dute bat ekimenarekin eta, horren baitan, heldu diren asteetan euren instalazioetan ate irekiak izanen dituzte, bakoitzaren kirola ezagutarazteko eta neskei eta emakumeei doanik eta inolako konpromisorik gabe probatzeko ideiarekin. Helburua garbia da: emakumeei zuzenean kirol espazio horietara gonbidatzea, klubetan ere emakumeen presentzia areagotzeko. Parean elkarteak atzo aurkeztu zuen 2026ko kirol kluben gida. Oihana Llorentek argitu zuen bezala, plazaratutakoa “ez da gida huts bat, konpromiso kolektibo bat baizik. Irunen, emakumeek eta neskatoek kirola egiteko aukera gehiago, erreferente gehiago eta espazio seguruagoak izateko bokazioa duen gida”. Ez da lehen aldia Pareanek horrelako lana egiten duena, izan ere, azken urteetako elkartearen helburua izan da emakumeek kirol arloan duten parte hartzea areagotzea. Izan ere, Llorentek azaldu zuenez, “emakumeek jarduera fisikoan eta kirolean duten parte hartzea, gizonarenekin alderatuta, askoz urriagoa da eta hori adin tarte guztietan errepikatzen da. Ikerketek, estatistikek eta osasun erakundeek, behin eta berriz, erakutsi duten errealitatea da”. Horren gibelean dauden arrazoiak desberdinak izan daitezke, baina horretan ere badira errepikatzen diren batzuk: “Erreferente falta, motibazio eza, zaintza lanen banaketa irrealak, batzuetan ez dutelako euren burua bertan irudikatzen eta beste batzuetan informazio faltagatik, edo, besterik gabe, lehen pausu ematea zaila egiten delako, badira emakumeak sekula klub batera gerturatzera ausartu ez direnak”. Distantzia hori txikitzea da gıda honen helburu nagusia, eta Irungo 18 kirol klubek egin dute bat ekimen eta ideia honekin. “Irungo 18 kirol klubek ateak ireki dituzte eta emakume eta neskatoei, inolako konpromisorik gabe, eta erabateko musu-truk, euren entrenamenduak, giroa eta eguneroko jarduna barrutik ezagutzeko aukera emateko. Futbola, eskalada, squash, atletismo, eskubaloia, piragua, arrauna, eta abar probatu dezakete hurrengo asteetan adin guztietako emakumeek. Hitzordu batzuk astean zehar dira, beste batzuk asteburuan, goizez eta arratsaldez, beraz denentzako aukera paregabea dago”, gaineratu du Llorentek. Gida beraz, emakumeei zuzendutako “gonbidapen zuzen bat da, zuretzat ere espazio hau esateko modu bat”, azpimarratu du Parean elkarteko kideak. Oroitarazi du “klub bakoitzak bere ekarpena” egin duela, baina denak “ideia berarekin: emakumeak nahi ditugu”. Aukera aprobetxatu du Llorentek ere, klub hauei guztiei “eskerrak” emateko, “erakutsi dutelako beraien herria kirolariago eta parekideago nahi dutela”. Gida bera Paren elkarteko webgunean dago zintzilikatuta, eta bertan kirol kluben informazioa, kontaktua eta saioen ordutegiak ikus daitezke. Kirol kluben eskaintza hurrengo asteetarako Irungo 18 klubek egin dute bat ekimenarekin. Hauentzat ere ez da berria gida hau, ez eta emakumeei eskainitako aukera hau ere. Badira klub batzuk ikasturtean zehar luzatu dutenak emakumeei zuzendutako ate irekien ideia eta, bertze batzuk ere, neskez soilik osatutako taldeak osatzeko konpromiso garbia hartu dutenak. Horietako bat da Lur Alai Squash Kluba. Gorka Arretxe ordezkariak adierazi duenez, urteak daramatzate klubean emakumeentzat doako saioak eskaintzen: “Guk urteak daramatzagu hainbat saio eskaintzen eta gida honekin hau formalizatu nahi dugu. Igandero, goizetan, ate irekiak eskaini ditugu adin guztietako emakumeentzat. Interesa dutenek gurekin harremanetan jar daitezke, kirol bat gehiago ezagutzera animatu nahi baititugu, ohitura osasuntsuak ere edukitzeko”. Horretarako, “maila berezirik” eduki beharrik ez dela ere argitu du. Txingudi Errugbi Klubeko Xabi Sanchez ordezkariak ere azken urteetan, beraien klubean, emakumeen parte hartzeak gora egin duela jakinarazi du: “Duela urte batzuk lortu genuen emakumezkoen senior taldea martxan jartzea. Aurtengo denboraldian saiakera izan da gazteen mailan sortzea. Gero aukera ere izan dugu amen talde bat sortzeko eta pixkanaka lortu dugu gazteak eta harrobiko jokalarien amen taldea sortzea. Gainera azken hauek Logroñon egon dira berriki txapelketa batean. Beraz, pixkanaka lortzen ari gara emakumeen errugbia sustatzea eta adin desberinetako publikoari zuzendua. Honekin aurrera jarraitu nahi dugu eta horretarako ekimen propioak sustatzea inportantea da, baita horrela ekimen bereziak ere”. CD Bidasoa Klubean ere senior mailako emakumeen taldea sortzea da azken urteetako helburua eta heldu den denboraldirako prest eduki nahi dute hori. Horretarako, heldu diren asteetako ate irekien jardunaldiak garrantzitsuak izanen dira aitortu du Iker Rodriguez klubeko komunikazio arduradunak: “Guretzat oso inportantea da. Eskubaloi klub bezala, gure ate irekiak egiten ditugu eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu emakumeak bertan integratzea. Atea irekiak astelehenetan egiten ditugu eta horrek eramanen gaitu hurrengo urtean gure taldeetan emakumeen parte hartzearen kopuruaren errekorra lortzea. Aurten, 8 edo 9 emakume gehiago batu dira eta harrobiko taldeak oso ongi egiten ari dira gainera. Gure helburua orain, hurrengo urtean seniorren taldea ateratzea izanen da”. Azkenik, Txiribuleta eskalada taldeak ere, ikasturte osoan zehar, emakumeei zuzendutako doako saioak antolatu dituzte. Heldu diren asteetan ere horri segida emanen diote eta Iker Txapartegi ordezkariak kontatu duenez, “ate irekiak astelehenetik ortziralera izanen dira, egunero, 16:00etatik 19:00etara, gazte eta helduentzat”. Txapartegik jakinarazi duenez, eskaladan “emakumeak ez daude hain baztertuak. Gure saioetan parekidetasuna dago”. Hala ere, neska guztiak animatu nahi izan ditu ordezkariak euren kirola probatzera eta eskaladaz gozatzera.