Lur Alai Squash Klubeko emakumeak lehia bete-betean

2026/03/18
Pasa den asteburuan Gasteiz Hiria Txapelketaren bederatzigarren edizioan hartu zuten parte Irungo klubeko zortzi jokalarik eta Ione Iturria izan zen, horien artean, sailkatu hoberena. Horren ondotik, etxean ariko dira asteburu honetan, Alizia Txoperena Txapelketaren laugarren edizioan Artalekun, martxoaren 19tik 22ra.
Lur Alai Squash Klubeko emakumeak lehia bete-betean
Lur Alai Squash Klubeko pilotariak lehia bete-betean daude sartuta. Pasa den asteburuan Gasteiz Hiria Txapelketan hartu zuten parte klubeko zortzi jokalarik, eta horren ondotik, etxean lehiatuko dira dagoeneko ezaguna egin den nazioarteko Alizia Txoperena Txapelketan. Emakumeen squash-ari behar duen lekua emateko lanean segitzen du klubak eta azken asteburuetan argi gelditu da lortzen ari direla merezitakoa. Gasteiz Hiriaren 9. edizioa ospatu zen, pasa den larunbatean, Mendizorrotzako Beti Jai frontoian. Guztira, 48 jokalarik hartu zuten parte bertan, estatuko hainbat lurralde eta hiri desberdinetatik etorrita. Azken urteetako squash topaketarik jendetsuena izan zen, Gorka Arretxe Lur Alai Squash Klubeko arduradunak jakinarazi duenez, eta bere klubetik ere zortzi jokalari joan ziren lehiatzera. Denak oso pozik bueltatu ziren, baita Ione Iturria ere, posturik onena lortu zuena (33.). Alizia Txoperena Txapelketaren laugarren edizioa Aspaldian ari da Lur Alai Squash Kluba emakumeari espazioak irekitzen, giro egokiak eta erakargarriak sortzen. Horren harira, bertze urte batez, Alizia Txoperena Txapelketa antolatu du Irungo klubak, helburu berarekin lanean segitzeko. Emakumeen erreferenteak sortzea da honen ideia nagusia eta horrela, laugarren edizioaren antolaketari ekin diote. Martxoaren 19tik 22ra ospatuko da Artalekun eta guztira, 21 jokalari bilduko dira bertan, munduko herrialde desberdinetatik etorriak: Brazil, Ingalaterra, Belgika, Argentina, Kolonbia, Kanada, Herbereak, Danimarka edota Egipto. Horrez gain, Euskal Herriko lau jokalarik ere parte hartuko dute, klubak emandako gonbidapenen bitartez. Alde batetik, Irune Peinado izanen da lehian, 18 urteko sestaotarra eta Euskadiko txapelduna. Maite Laeticia Estournesek ere parte hartuko du, Lur Alai Squash Klubeko jokalaririk onena. Hendaiarra da bera, eta Euskadiko bigarren sailkatua. Azkenik, Elise Dulac hendaiarra eta Ione Iturria irundarra ere izanen dira bertan. Lehen erronda ortzegunean jokatuko da 11:00etatik aitzinera. Egun berean, 18:00etatik aurrera, bigarren erronda lehiatuko da. Ortziralean izanen du segida txapelketak, arratsaldez jokatuko baitira final laurdenak. Finalerdiak berriz, larunbat arratsaldean jokatuko dira eta azkenik, final handia, igandean ospatuko da eguerdiko 12:00etan. Txapelketa Artalekun bertan ikusteaz gain, klubeko YouTube kanalean segitzeko aukera ere izanen da streaming bidez.