Lur Alai Squash Klubeko hiru jokalari Euskadiko Master Txapelketako podiumean
Lur Alai Squash Klubeko Maite Estornes hendaiarrak lortu du 2025eko Euskadiko Masters Txapelketako txapela. Podiumean gainera, lagun izan zituen klubeko bertze bi jokalari, Elise Dulac herrikidea bigarren postuan eta Jone Iturria irundarra hirugarrenean. Bilbon lehian izan ziren maila hortako lau emakumezko onenak, baita zortzi gizonezko hoberenak ere. Emakumeen kasuan, lauetatik hiru Irungo klubeko jokalariak ziren eta hiruak lortu zuten podiumera igatea, klubaren poztasunerako.
“Esfortzu eta entrenamendu askoren fruitua” dela azpimarratu du Gorka Arretxe Lur Alai Squash Klubeko ordezkariak eta alde horretatik, pozik azaldu da klubeko hiru jokalari hauek lortutako emaitzekin. Jone Iturriak hirugarren postua eskuratu zuen, azken lehian 3-0eko markagailuarekin irabazita Benedict taldeko aurkariari. Finalean berriz, klubeko bertze bi jokalari aritu ziren lehian, biak ere hendaiarrak eta azkenik, txapela Maite Estornesentzat izan zen, nahiz eta podiuma bere klubeko kideekin konpartitu.
Lur Alai Squash Klubaren helburu nagusietako bat emakumeengana hurbiltzea da eta horren harira, proiektu berri bat jarri dute martxan aurtengo ikasturtean. Espainiako Kirolaren Kontseilu Gorenaren proiektua da eta emakumeei squasha probatzeko doako saioak eskaintzean datza. Artalekun ospatu dira saioak, igandero urritik aitzinera, eta 30 emakume desberdin hurbildu dira guztira. Arretxek entrenamendu “arrakastatsuak” izan direla azpimarratu du eta hori ospatzeko, heldu den abenduaren 28an, topaketa berezi bat antolatuko dute emakume guzti horiekin, baita animatzen dire bertze batzuekin ere. Dagoeneko 15ek eman dute izena, baina epea oraindik irekita dagoela adierazi du ordezkariak. “Squasha probatu eta izerditzeko eta askatasun une bat edukitzeko” topaketa aproposa izanen dela aitortu du, emakume guztiak Artalekura gonbidatuz.