Mariño Real Union garaipenaren bidean sartu da berriz ere

2025/10/14
Talde irundarrak Oiartzun garaitu zuen, pasa den larunbat arratsaldean, 3-5eko markagailuarekin. Lehen zati parekatu baten ondotik, azken 45 minutuetan lortu zuen Imanol Gomezen taldeak neurketa euren alde jartzea. Etxekoak baino gehiago izan ziren Mariño Real Unioneko jokalariak eta horrek emaitzan islada izan zuen. Bertze hiru puntu gehiago batuta, sailkapeneko seigarren postuan kokatu dira orain irundarrak, sei punturekin guztira.
Mariño Real Union garaipenaren bidean sartu da berriz ere
Oiartzun KE 3
5 Mariño Real Union

Mariño Real Unionek bertze garaipen bat eskuratu du asteburuan. Oiartzun bisitatu zuen talde irundarrak, pasa den larunbat arratsaldean, eta 3-5eko markagailuarekin jardunaldiko hiru puntuak bereganatu zituen. Lehen zati parekatu bat jokatu zuten bi taldeek, baina bigarren zatian nabarmendu zen bisitaria. Baloiaren jabetza edukita, eta etxekoen arean jokatuta, markagailuan nabarmentzea lortu zuen, baita itxura ona ematea ere. 

Hartu-emanean aritu ziren Oiartzun eta Mariño Real Union lehen 45 minutuetan. Irundarrek ireki zuten markagailua, June Alzaren bitartez, baina segidan berdindu zuten hau oiartzuarrek, baita emaitza irauli ere, 2-1koa ezarriz. Atsedenaldira bidean ordea, Adriana Cienfugosek bigarren gola eskuratu eta bina berdinduta ailegatu ziren lehen zatiaren bukaerara. Ane Lopeteguiren ustez, jokoa Mariño Real Unionena izan zen, baina akats batzuk eragin zuten berdinketa: “Baloiarekin ondo ibili ginen. Ez zen izan gure partidurik onena, baina haiek baino hobeak izan ginen. Bi gol horiek akatsengatik eta despisteengatik izan ziren, komunikazio faltagatik. Hori izan zen gaizki egin genuena”. 

Bigarren zatian lortu zuen talde irundarrak gehiago nabarmentzea. Naia Martinek, Olaia Alzak eta Narioa Zubiarrek sartutako golei esker, 3-5eko behin-betiko emaitza lortu zuen Mariño Real Unionek. Oiartzunen partetik hirugarren gol bat ere jaso zuen taldeak, baina ez zuten arriskurik somatu bisitariek mugimendu honetan. Lopeteguik aipatu du kanpo baldintza batzuk ere eragina izan zutela partiduan, hala nola, “beroa edo zelai berria”. Pisutsua egin zitzaien hau guztia, baina orokorrean, ongi defendatu zirela ere azpimarratu du. 

Garaipen honekin, indarrez ekin diote asteko lanari Imanol Gomezen jokalariek. Heldu den larunbatean, urriaren 18an, berriz ere kanpoan ariko da Mariño Real Union, kasu honetan Tolosaren kontra (15:30). Talde hau aurkari zuzena da momentu honetan irundarrentzat, laugarren postuan baitago kokaturik, puntu bat gehiagorekin. Azken bi neurketak ere irabazi dituzte tolosarrek, Oiartzun eta Eibarren kontra hain zuzen ere. Gogor borrokatu beharko dute beraz Mariñokoek bertze hiru puntu batu eta sailkapenean gora egiteko.