Mariño Real Unionek berdinketa batekin bukatu zuen aurtengo sasoia
Mariño Real Unionek denboraldiko azken partidua jokatu zuen pasa den igandean Stadium Galen. Bizkerre B sailkapeneko bigarren taldea jaso zuen bertan, eta hutsera berdinduta bukatu zuten neurketa. Golik gabeko partidua izan bazen ere, joko eta intentsitate onak erakutsi zituzten Irungo zelaiak eta ondotik, bi taldeek elkarrekin, Hirugarren Mailara igoera ospatu ahal izan zuten.
Mireia Zumeta jokalari eta kapitainak aipatu duenez, “oso partidu polita izan zen zentzu askotan”. Joko eta intentsitate onak erakutsi zituzten Stadium Galen, bai Mariño Real Unionek, baita Bizkerrek ere eta Zumetak adierazi duenez, “kiroltasunez beteriko neurketa bat izan zen”. Nahiz eta golik ez sartu, “partidu konpletua” izan zela gaineratu du, ospakizunekin borobildu zutena. Izan ere, bi taldeak Hirugarren Maila igoko zirela zekiten azken jardunaldi honi ekin baino lehenagotik eta beraz, behin 2024/25 denboraldiko azken 90 minutuak bukatuta, familia eta lagunartean ospakizunei tartea ere egin zieten: “Bi taldeek igoera ospatu genuen elkarrekin, modu oso politean. Bizkerrek aurten ere lan ona egin du eta bigarren postuan bukatu du denboraldia”.
Kapitainari berari omenaldi berezia egin zion etxeko taldeak, 10 urteren ondotik taldea bera eta futbola utziko dituelako: “Neri pertsonalki omenaldi polita egin zidaten. Mariñorekin 10 urte egoteagatik eta futbola uzteagatik”. Emozioz beteriko eguna izan zela aitortu du Zumetak, hunkigarria, eta horregatik beragatik, “Liga bukatzeko modu ona”. Edonola ere, lana ez da bukatu Mariño Real Unionentzat. Orain Kopa izanen dute jokoan eta gelditzen diren partidu horietaz disfrutatuko dutela onartu dute.