Mariño Real Unionek bina berdindu zuen Ugaorekin

2025/05/13
Ez zen partidurik onena izan irundarrentzat. Futbolari dagokionez, joko mantsoa erakutsi zuten eta jarrera aldetik ere, ezin izan zuten euren izaera zelairatu. Hala ere, puntu bat atera zuten denboraldiko azken aurreko partidurik eta orain, igandean Stadium Galen jokatuko duten azken neurketari begira ari dira jokalariak.
Mariño Real Unionek bina berdindu zuen Ugaorekin
Ugao CD 2
2 Mariño Real Union

Mariño Real Unionek 2-2ko markagailuarekin bukatu zuen denboraldiko azken aurreko jardunaldia Ugaoren kontra. Ez zen partidurik onena izan irundarrentzat, joko mantsoa erakutsi baitzuten Ugaoren etxean eta jarrera aldetik ere, ez izan zuten bertan euren izaera zelairatu. Hala ere, dena erabakita dago Mariño Real Unionentzat, orain dela aste batzuk lortu baitzuten, matematikoki, Hirugarren Mailara igotzea. 

Ninbe Lizardik sartu zuen partiduko lehen gola, atsedenaldira bidean (40. minutuan), eta bigarren zatia 0-1ekoarekin hasi zuten. Hala ere, Ugao indarrez zelairatu zen bigarren zatian eta segidan lortu zuen emaitza berdintzea. Mariño Real Unionek saiatzen segitu zuen eta bigarren gola sartzeko aukera ere aprobetxatu zuten, June Alzaren eskutik (58. minutuan). Partidua euren alde bukatuko zela uste zutenean ordea, 88. minutuan, etxekoek bigarren gola sartu eta neurketa berdintzea lortu zuten, jardunaldiko puntuak banatuz honela. 

Mireia Zumeta jokalari eta kapitainak adierazi duenez, “partidu itsusia” jokatu zuten Ugaoren kontra, “kirol aldetik, baina baita jarrera aldetik ere”. Izan ere, futbolari dagokionez, “nahiko gaizki” aritu zirela onartu du Zumetak, “joko mantsoa” erakutsi baitzuten. Horrez gain, liskarrak ere izan ziren zelaian, jokalarien artean, eta talde irundarrak ezin izan zuen bere izaera erakutsi. Edonola ere, berdinketarekin nahikoa zuten bisitariek eta “horrekin geldituko” direla argi du kapitainak. Honen ondotik, denboraldiko azken partidua gelditzen zaio taldeari jokatzeko. Stadium Galen jokatuko du azken jardunaldia, Bizkerre Bren kontra, sailkapeneko bigarren postuan dagoen taldea hain zuzen ere. Neurketa polita izanen da, izan ere, Mariño Real Unionek aukera paregabea izanen du dagoeneko erabakita dagoen Hirugarren Mailara igoera bere zaleekin ospatzeko. Zumetak erran duenez, “zerbait polita eta berezia izanen da”, eta horri begira ari dira aste honetan lanean, buru-belarri. Neurketa igandean jokatuko da, maiatzaren 18an, 17:00etan.