Mariño Real Unionek ezin izan zion Añorgako esperientziari aurre egin

2025/11/18
Talde irundarrak 2-6ko markagailuarekin galdu zuten donostiarren kontra. Etxekoek ez zuten gaizki jokatu, baina Añorgaren esperientziak gidatu zuen neurketaren norabidea. Horrez gain, Imanol Gomezen taldeak zenbait akats larri egin zituen eta ongi ordainarazi zieten hori aurkariek. Heldu den asteburuko partiduari begira ari da dagoeneko taldea, Athletic C-ren kontrako jokatuko dutenari hain zuzen ere.
Mariño Real Unionek ezin izan zion Añorgako esperientziari aurre egin
Mariño Real Union 2
6 Añorga KKE

Mariño Real Unionek 2-6ko markagailuarekin galdu zuen, pasa den igande eguerdian, Añorgaren kontra. Neurketa zaila jokatu zuten irundarrek, Hirugarren RFEF mailan urteetako esperientzia duen talde on baten kontra. Hain zuzen ere, horrek eragin zuen porrota talde irundarrean. Donostiarrek nahi zutena egin zuten jokoan eta aurkariaren akatsak ere baliatu zituen deuseztatzeko zaila zen abantaila lortuz. Hala ere, Ane Lopetegui jokalariak aipatu duenez, etxeko taldeak “ez zuen gaizki jokatu”, baina aurkariak bertze planteamendu bat zelairatu zuen. “Urteak daramatzate Hirugarren RFEF mailan eta horrek asko eragin zuen. Beraiek nahi duten jokoa egiten dute. Guk asko ukitzen dugu baloia eta beraiek beste modu bat dute jokatzeko. Gainera, efektibidade ona dute”, azpimarratu du Lopeteguik. Horrez gain, Imanol Gomezen taldeak jaso zituen hiru gol etxekoen “akats larriak” izan zirela onartu du jokalariak eta horrek “asko okertu zuela partidua”. 

Añorgak Mariño Real Unionen jokoa ere “ongi ikasita” zuela uste du Lopeteguik eta horri, duten esperientzia gehituz, indartsu azaldu ziren Irunen. Etxekoek beraz, ezin izan zuten deus ere egin honen kontra eta puntuak galdu zituzten. Honen ondotik, sailkapeneko zortzigarren postuan kokatu da Irungo taldea, 10 punturekin guztira. Heldu den larunbatean, azaroaren 22an, Athletic C bisitatuko dute Lezaman, 18:45ean.