Mariño Real Unionek ezin izan zuen Deportivo Alaves garaitu

2025/09/23
Talde irundarrak 1-3 galdu zuen Hirugarren RFEF mailako lehen jardunaldian. Hasieran kosta egin zitzaien etxekoei partiduan sartzea eta akats batzuek eragin zuten gasteiztarrak aitzinetik jartzea. Hala ere, Mariñok emaitza berdintzea lortu zuen, nahiz eta partiduak aurrera egin ahala, aurkariak bertze bi gol sartu eta aukerarik gabe utzi Imanol Gomezen jokalariak.
Mariño Real Unionek ezin izan zuen Deportivo Alaves garaitu
Mariño Real Union 1
3 Deportivo Alaves B

Hirugarren RFEF mailako lehen jardunaldia jokatu zuen Mariño Real Unionek, pasa den igande eguerdian Galeko anexoan. Deportivo Alaves B taldea izan zuten irundarrek aitzinean eta 1-3ko markagailuarekin galdu zuten. Hasieran neurketan sartzea kosta egin zitzaion Imanol Gomezen taldeari, baina poliki-poliki, euren lekua hartzen ere joan ziren eta joko ona erakutsi zuten etxeko zelaian. Hala ere, hau ez zen nahikoa izan aurkariaren abagunean zapuzteko eta hiru gol sartuta, ezinezkoa egin zitzaien etxekoei puntuak batzea. 

Hasiera gogorra izan zuen Mariño Real Union taldeak denboraldiko lehen partiduan. Ane Lopetegui jokalariak aitortu duenez, “hasieran okerrago sartu ginen partiduan, baina geroz eta hobeki jokatzen hasi ginen gero”. Lehen gola, hala ere, goiztiarra izan zen. Neurketaren zazpigarren minutuan sartu zuten gasteiztarren lehen gola, Lopeteguik onartu duenez, euren “defentsaren akats bat” izan zena. Amore eman gabe segitu zuten etxekoek eta bigarren zatiaren 61. minutuan lortu zuten emaitza berdintzea, Ainhitzen sartutako gol bati esker. Hamabi minutu beranduago ordea, Alavesek bigarren gola sartu zuen, baita hirugarrena ere partiduaren luzapenean. Lopeteguik aipatu du “bigarren gola goitik joan” zela eta ez zutela espero. Azkenekoa berriz, “tontakeria batengatik” izan zela: “Gure erdilariak baloia atera zuen, kendu egin zioten eta gola sartu zuten”. 

Porrot egin bazuen ere Mariño Real Unionek “asko borrokatu” zuela garbi utzi du Ane Lopeteguik: “Akats batzuk kenduta, nik uste dut beraiek baino hobeki mugitu genuela baloia. Ez agian alde batetik bestera, baina bai hobeki lotzen garela talde moduan, paretak edo paseak eginez”. Hori da beraz, garrantzitsuena irundarrentzat, garaipenagatik borrokatzea eta amore ez ematea eta hori ongi eginda hasi zuten denboraldia. Emaitza onak batzeko berriz, denboraldi guztia dute aitzinetik eta heldu den asteburuan bertan saiatuko dira hortan, Real Sociedad C taldearen kontra jokatuko duten bigarren jardunaldian.