Mariño Real Unionek hiru puntu eskuratu zituen Alavesen kontrako partiduan

2025/12/23
Talde irundarrak garaipena lortuta bukatu du urtea, 0-1ekoa markagailuarekin irabazi baitzion larunbatean Deportivo Alaves B taldeari. Arabarrek euren atean sartutako gol bati esker lortu zituen Mariñok hiru puntuak eta markagailuari eusteko gai izan ziren ondoko minutu guztietan. Horrela, hiru puntu gehiagorekin, sailkapeneko zortzigarren postuan bukatu du urtea Imanol Gomezen taldeak, hamabortz punturekin guztira.
Mariño Real Unionek hiru puntu eskuratu zituen Alavesen kontrako partiduan
Deportivo Alaves B 0
1 Mariño Real Union

Mariño Real Unionek 0-1 garaitu zuen Deportivo Alaves B, urteko azken partiduan. Bigarren zatiaren erdialdean lortu zuen aldeko markagailua talde irundarrak, etxekoek euren atean sartu zuten golari esker. Partiduaren azken txanpan, emaitzari eusteko lanetan aritu ziren bisitariak eta lortu ere. Hiru puntuak poltsikoratu zituen honela, eta Eguberrietako atsedenaldiari hasiera eman zion. 

Urteko azken partidua jokatu zuen Mariño Real Unionek Deportivo Alaves Bren kontra eta hasi baino lehen taldeak bazekien neurketa zaila izan zitekeela. “Horrelako zelai batean, horrelako taldeen kontra, luzeak eta zailak izaten baitira partiduak”, Idoia Garde jokalariaren erranetan. Hala ere, irundarrak “ongi sartu” ziren partidura, nahiz eta arabarrek “ongi zekiten zer egin eta jokaldi garbiak egin zituzten”. Bisitariek ongi defendatu zituzten jokaldi hauek eta “fin ibili” zirela aipatu du Gardek. Aukerak izan bazituzten ere, irundarrek ez zuten atean asmatu eta atsedenaldira, 0-0ekoarekin joan ziren bi taldeak. 

Bigarren zatian, “aldaketa batzuk egin” zituen Mariñok eta joko ona erakusten segitu zuten eta horrela ailegatu zen irundarren gola: “Beraiek sartu zuten gola, baina edozein modutan, golak kontatu zuen eta 0-1 jarri ginen irabazten”. Partiduaren txanpan, aldea handitzeko aukera izan zuen talde irundarrak, Gardek kontatu duenez, baina ez zen sartu. Azken minutu hauek “luze” joan ziren bisitarientzat, markagailuan eusteko saiakeran tentsioa egon baitzen. Hala ere, lortu egin zuten garaipena eta hiru puntu gehiagorekin, pozik joan zen taldea Eguberrietako atsedenaldira. Garaipen honek gainera, “indarra” eman dio taldeari 2026a ere “indarrez” hasteko.