Mariño Real Unionek hiru puntu eskuratu zituen Elorrioren kontra
Mariño Real Unionek 1-0 garaitu zuen, pasa den igande eguerdian, Elorrio. Pasa den denboraldiko arantza kendu zuen honela taldeak, izan ere, bitan galdu zuen talde beraren kontra. Oraingo honetan, hobea izan ziren etxekoak, nahiz eta gogor borrokatu behar izan zuten garaipena lortzeko. June Alzak sartutako golari esker lortu zuen taldek hiru puntuak batzea eta horren ondotik, sailkapeneko seigarren postuan kokatu da, bederatzi punturekin guztira.
Igandeko partiduan “ongi jokatu” zutela azpimarratu du Ane Lopetegui taldekideak. Beldur zen Mariño Real Union, pasa den denboraldian ezinezkoa egin baitzitzaion Elorrio garaitzea. Aurten berriz, “baloiaren jabetza” eduki zuten etxekoek eta joko ona zelairatu zuten. Kontzentraturik aritu ziren irundarrak eta buru-belarri ekin zioten lanari, euren gol aukerak sahiestu ahal izateko. Lopeteguik kontatu duenez, bizkaitarren taldeko jokalari bat kaleratu zutenean etorri zen irundarren aukera: “Korner batean, jokalari bati txartel gorria atera zioten gure taldeki bati zenbait ukabilkada jo zizkiolako. Beraiek behera etorri ziren eta gure jokaldi arraso batean gola sartu genuen”. Hain zuzen ere, partiduaren bukaera zen, 83. minutua, eta June Alzak probatu zuen baloia atera botatzen. Atezainak ongi gelditu zuen hau, baina aurpegin jo eta baloia berriz ere sare barrura joan zen, 1-0ekoa ezarriz markagailuan.
Horrela bukatu zen neurketa, Mariño Real Unionen alde. Lopeteguik onartu du “hobeak” izan ziren etxekoak, nahiz eta momentu batzuetan ere aurkariak gola hurbil ikusi. Azkenean hau ez zen gertatu eta hiru puntuak poltsikoratu zituen talde irundarrak. Heldu den larunbatean, azaroaren 8an, Bilbao Artizarrak taldea bisitatuko du Mariñok, 16:15ean.