Mariño Real Unionek Hirugarren Mailan jokatuko du heldu den denboraldian

2025/05/06
Pasa den ortzegunean jakin zuen talde irundarrak matematikoki mailaz igotzea lortu zuela, Pauldarrak taldeak galdu egin zuenean. Horrela, gogoz eta ilusioz, etxeko zelaira atera ziren Lakuaren kontra jokatzera eta 8-1eko emaitzarekin irabazi zuten, zaleekin batera ospakizunekin hasiz.
Mariño Real Unionek Hirugarren Mailan jokatuko du heldu den denboraldian
Mariño Real Union 8
1 Lakua CD

Mariño Real Unionek Hirugarren Mailara igotzea lortu du matematikoki, denboraldia bukatzeko hiru partidu falta zirenean. Pauldarrak taldeak 1-2 galdu zuen Bilbao Artizarraken kontra eta honek mailaz igotzea ahalbidetu zien irundarrei, hiru partiduren faltan. Garaipen honek eman zien indarra baliatuz, etxeko zelaira atera ziren asteburuan eta 8-1eko markagailuarekin irabazi zuen Lakua taldearen kontra. 

Oso partidu berezia izan zen Mariño Real Unionentzat, larunbatean Lakuaren kontra jokatutakoa. Mireia Zumeta jokalari eta kapitainak aipatu duenez, “ostegunetik genekien matematikoki mailaz igoko ginela eta beraz, berezia izan zen, Hirugarren Mailako taldea ginela genekielako”. Hala ere, partidua jokatu behar zen eta lehiakorra izaten segitu eta hori egin zuen talde irundarrak. 

Ez zen behar bezala zelairatu Imanol Gomezen taldea, Zumetak onartu duenez: “Nahiko itzaliak hasi genuen partidua. Intentsitate eta erritmo falta erakutsi genuen hasieran”. Minutuak pasa ahala, ordea, aldeko penaltia izan zuten eta hori aprobetxatu zuten markagailuaren aurrea hartzeko. Atsedenaldira bidean, bigarrena sartzeko aukera izan zuten eta 2-1ekoarekin joan ziren bi taldeak aldageletara. Bigarren zatian, Lakua taldeko atezainak min hartu zuen belaunean eta horrek erabakita utzi zuen partidua. Zumetak adierazi du, “gogorra” izan zela beraientzat egoera eta “konplikatua” bilakatu zela partidua. Aldiz, etxekoentzat, erraztu egin zen garaipena eta “beste erritmo eta intentsitatearekin” aritu ziren azken minutuetan. Sei gol gehiago sartzeko gai izan zen talde irundarra, jokalari desberdinen bitartez gainera, eta 8-1eko emaitzarekin irabaztea lortu zuten. “Oso kontent bukatu genuen, berezia izan zen hasieratik partidua”, aipatu du Zumetak. Gaineratu duenez, “igoera ospatu genuen bukaeran ere”.

Denboraldia bukatzeko bi partidu bertzerik ez zaizkio gelditzen taldeari. Dagoeneko dena erabakia dute, baina hala ere lehiatzera aterako dira bi neurketetan, Hirugarren Mailan egotea merezi dutela erakusteko eta Euskal Ligan estreinakoz aritu diren denboraldi hau modu egokian borobiltzeko.