Mariño Real Unionek Hirugarren RFEF mailan debuta eginen du igande honetan
Mariño Real Unionek Hirugarren RFEF mailan debuta eginen du igande honetan, irailaren 21ean, 12:00etan Galen. Pasa den denboraldian igoera lortu zuen talde irundarrak eta maila berriko lehen jardunaldia etxean jokatuko da, zaleen babesarekin. Ez du nolanahiko partidua izanen lehenengoa, izan ere, Deportivo Alaves B taldea jasoko du taldeak. Lehen aldia da euren kontra aritzen direna eta beraz, neurketan bertan ikusiko beharko dute zein den aurkariaren maila, baita etxeko taldearena ere.
Hilabete baino gehiago daramatza Mariño Real Unionek aurredenboraldiko prestaketekin. Zenbait jokalari berri ditu taldeak eta elkar ezagutzeko baliagarria izan zaizkie lehen entrenamendu saioak. Ane Lopetegui jokalariak kontatu duenez, “Beti Gaztetik etorri den Olaia, Zarauztik etorri den Idoia, Eibarretik datorren Naroa, Antiguokotik heldu den Carla eta Oiartzundik etorri den Alejandra” dira aurtengo jokalari berriak. Pasa den denboralditik, Mireiak eta Idurrek utzi dute taldea eta beraz, guztira, 24 jokalari bildu dira aurredenboraldian. Futbolari anitz dira denboraldirako, 18k soilik parte hartzen dutelako asteburuko deialdietan, baina Lopeteguik aitortu duen bezala, “plazer bat da jendea sobran edukitzea. Denak nahiko onak gara, anitz gara eta hainbeste ikustea plazer bat da”.
Lagunartekoak ere jokatu dituzte abuztu eta irailean eta batzuetan eskas aritu badira, bertzeetan partidu onak egitea lortu dute Mariño Real Unioneko jokalariek. Tartean, maila altuagoan dagoen Bizkerre taldearen kontra jokatu dute eta taldeak itxura ona eman zuela azpimarratu du Lopeteguik: “Bigarren RFEF mailako Bizkerre taldearen kontra jokatu genuen eta oso ona izan zen partidu hura. Orokorrean, aurredenboraldiko lagunartekoak izateko, nahiko kontent gelditu gara egindako lanarekin”. Hain zuzen ere, euren maila eta aurkariena neurtzeko baliatu dituzte neurketa hauek, “gauzak zuzendu eta ikasteko”, Lopeteguiren erranetan.
Honen ondotik, benetazko lehia hasiko da asteburu honetan eta ez edonon, izan ere, etxean estreinatuko du Mariño Real Unionek Hirugarren RFEF maila igandean. Lopeteguik onartu du “gogoz” daudela debuta egiteko, uste baitute “talde ona osatu” dutela bertan egoteko eta “gauza politak” egin ditzaketela. Lehen jardunaldirako Deportivo Alaves B taldea jasoko dute Galen irundarrek (12:00), guti ezagutzen duten taldea: “Ez dugu inoiz euren kontra jokatu, lehen aldia da. Urduri gaude, baina urduritasun positiboa da, gogoz gaudelako partiduari aurre egiteko. Batez ere, kuriositatea dugu ikusteko nola jokatzen duten, zer nolako maila duten. Azkenean, horretarako da lehen partidua, guzti hori ikusteko”.
Orokorrean, “ahalik eta hobekien” jokatzea izanen da Mariño Real Unionen aurtengo helburua. “Jokalari bezala geroz eta hobeak izatea eta ikastea”, Ane Lopeteguik gaineratu duenez. Ongi egindako lan horrek ekarriko ditu ondotik emaitza onak eta bertzelako helburuak. Hori da ordena egokia talde irundarrarentzat, ikasi, ongi jokatu eta, ondorioz, emaitza onak bildu. Hori eginez gero, “igotzea izanen da helburua, edo bederen ahalik eta goren egotea”. Hala ere, ikusi beharko da denboraldia hasita non kokatzen den taldea eta zein helburu finkatzen dituzten. Argi utzi dutena da borrokan segituko dutela, orain arte egin duten bezala eta taldearen nortasunean iltzatuta dagoen moduan.