Mariño Real Unionek hiruna berdindu zuen Bizkerre taldearekin

2025/12/18
Bizkaitarrak sailkapeneko azken postuan zeuden partidua jokatu aitzinetik, baina horrek ez zituen Mariñoren urduritasunak baretu. Aitzinetik bazekiten intentsitate altuko partidua jokatuko zutela Bizkerreren kontra eta hori bete egin zen. Garaipena eskura izan zuen talde irundarrak, azken minutuetara 2-3koarekin ailegatu baitzen, baina orduan nagusi izan ziren etxekoak eta neurketa berdintzea lortu zuten, jardunaldiko puntuak ere banatuz.
Mariño Real Unionek hiruna berdindu zuen Bizkerre taldearekin
Bizkerre B 3
3 Mariño Real Union

Mariño Real Unionek 3-3ko emaitzarekin bukatu zuen Bizkerre B taldearen kontra partidua. Hasieratik bazekiten neurketa zaila izanen zela, sailkapeneko azken postuan egon arren, etxeko zelaian intentsitate handia erakusten duen taldea baita bizkaitarra, eta hala izan zen gainera. Lehen minututik erritmo altuarekin aritu ziren etxekoak, baina hori kudeatzen ere jakin zuten irundarrek. Garaipena eskura izan zuten, azken minutuetara 2-3ko markagailuarekin iritsi baitziren Imanol Gomezen jokalariak, baina amore eman gabe segitu zuten bizkaitarrek eta azkenean merezitako berdinketa erdietsi zuten, jardunaldiko puntuak ere banatuz. 

Idoia Garde jokalariak onartu duenez, hasieratik bazekiten Mariñokoek “partidu zaila izanen zela, nahiz eta beraiek momentu horretan sailkapenean azkenak egon”. Bizkaian jokatzen dituzten norgehiagokak beti izaten dira horrela, “intentsitate aldetik gogorrak” eta hau ez zen salbuespena izan. “Lehen bost minutuetan, gure akats baten ondorioz, beraiek gola sartu zuten”, eta 1-0ekoa ezarri zuten markagailuan Gardek azaldu duenez. Horri erantzun ona eman zion talde irundarrak eta atsedenaldira bidean, emaitza iraultzea lortu zuten 1-2koa eskuratuz. 

Bigarren zatian, nahiko parekatuak aritu ziren taldeak, batzuetan etxekoak ziren gehiago, bertzeetan bisitariak. Bizkerre gai izan zen 2-2koa ezartzeko lehen minutuetan, baina berriz ere euren alde jarri zuten emaitza Mariñokoek, neurketa bukatzeko hamabi minuntu falta zirenean. Azken jokaldietan, berriz ere bizkaitarrak izan ziren “nagusi” Gardek jakinarazi duenez, eta berdinketaren gola eskuratu zuten, behin-betiko 3-3ko markagailua ezartzeko. Irundarrak eskura zuten garaipena eta azkenean ez zen posible izan, baina Gardek onartu du “puntua justua” izan zela bi taldeentzat, beraiek ere “nagusi izan zirelako azken minutuetan”. Mariño Real Unionek, bere aldetik, “lan handia” egin zuen bere onena erakusteko eta beraz, pozik gelditu ziren horrekin. 

Hau bukatuta, heldu den partiduari begira jarri da dagoeneko taldea. Urtea kanpoan bukatuko du talde irundarrak, Deportivo Alaves Bren kontra ariko baita larunbat honetan, abenduaren 20an, 17:00etan. Sailkapeneko hirugarren postuan kokatua dago aurkaria, 21 punturekin, baina horrek ez ditu Mariñokoak kikilduko eta hiru puntuak eskuratzeko helburuarekin zelairatuko dira bertan.