Mariño Real Unionek puntu bat atera zuen Bilbao Artizarrak taldearen kontrako partidutik

2025/11/11
Talde irundarrak aurkari zail bat izan zuen aitzinean, baina ez zen kikildu. Kontrara, etxeko taldearen intentsitatea berdintzeko gai izan zen, baita partiduko aukera gehienak sortzeko ere. Hala ere, Imanol Gomezen jokalariek ezin izan zituzten abagune hauek aprobetxatu eta hutsera berdinduta bukatu zen neurketa, jardunaldiko puntuak ere banatuz.
Mariño Real Unionek puntu bat atera zuen Bilbao Artizarrak taldearen kontrako partidutik
Bilbao Artizarrak FK 0
0 Mariño Real Union

Mariño Real Unioni Bilbora joatea egokitu zitzaion asteburuan, Hirugarren RFEF mailako zazpigarren jardunaldia jokatzera. Bilbao Artizarrak bisitatu zuen talde irundarrak, eta neurketa gogorra izanen zela aurreikusia zuten jokalari eta teknikariek. “Hasieratik bagenekien zaila izanen zela, talde konplikatua delako eta denboraldi honetan argi ikusi da hori. Talde gutik lortu dute bertan puntuak ateratzea”, kontatu du Idoia Garde jokalariak. Lehen minutuak horrelakoak izan ziren, “intentsitate handiarekin” zelairatu baitzen etxeko taldea, eta Mariñori hori berdintzea kosta zitzaion. Hala ere, “partidua kontrolpean” eduki ztuela onartu du Gardek eta aukera gehienak ere talde bisitariarenak izan zirela, nahiz eta ezin izan zituen hauek errematatu. 

Bigarren zatian bide beretik joan zen partidua. Gardek azaldu du orduan ere aukera gehienak Mariñorenak izan zirela: “Bigarren zatian ere aukera gehienak gurek izan ziren. Bizpahiru aukera garbi izan genituen, baina ezin izan genituen ongi aprobetxatu”. Horrela bada, azken 45 minutuak ere, golik gabekoak izan ziren eta hutsera berdinduta bukatu zuten bi taldeek partidua, jardunaldiko puntuak banatuz. Hala ere, pozik gelditu ziren egindako lanarekin, asteburuko helburuak bete baitzituzten honekin: “Horrelako zelai zail batean ona da puntu bat ateratzea. Golik ez jasotzea zen gure helburua eta hori lortu genuen”.

Berdinketa honen ondotik, Mariño Real Unionek 10 puntu batu ditu sailkapenean eta seigarren postuan kokatu da, bertze lau taldekin berdinduta. Hain zuzen ere, heldu den asteburuan, momentu honetan bere aurkari zuzena den Añorga jasoko du etxean talde irundarrak, igandean (azaroaren 16an), 12:00etan.