Mariño Real Unionek puntu bat atera zuen etxean

2025/12/10
Talde irundarrak 2-2ko markagailuarekin berdindu zuen, pasa den larunbat eguerdian, Eibar C-ren kontra. Neurketa ezin hobe hasi zuen etxeko taldeak, lehen minutuan aitzina hartuta. Hala ere, bi akatsen ondorioz, eibartarrek emaitzari buelta eman zioten eta gibeletik jokatu behar izan zuten zenbait minutuz irundarrek. Erakutsitako indarra baliatuz, 2-2koa ezartzeko gai izan ziren Imanol Gomezen jokalariak eta beraz, jardunaldiko puntuak banatu behar izan zituzten azkenean. Sentsazio onekin bukatu zuten hauek neurketa, nahi bezalako intentsitatea zelairatzeko gai izan baitziren, baita puntu bat eskuratzeko ere.
Mariño Real Unionek puntu bat atera zuen etxean
Mariño Real Union 2
2 SD Eibar C

Hirugarren RFEF mailan ari den Mariño Real Unionek 2-2ko markagailuarekin berdindu zuen, pasa den larunbat eguerdian, Eibar C taldearekin. Hasieratik intentsitate altuarekin aritu ziren jokoan talde irundarreko jokalariak etxeko zelaian eta lehen minutuan aitzinetik jartzea lortu zuten. Hala ere, bisitariek bi gol sartzea lortu zuten markagailua irauliz eta garaipena eskura izan zuten azken minutuetara arte. Irundarrek berriz, intentsitate altuari eutsiz, azken gol bat sartzea lortu zuten eta puntuak banatu zituzten azkenik bi taldeek.

Hasieratik Mariño Real Unionen intentsitatea “oso altua” izan zela adierazi du Ane Lopetegui jokalariak, eta gaineratu duenez, Eibarrek erritmoa bizitu behar izan zuen hauen indarra handia zela ikusirik. Ezin hobe zelairatu zen etxeko taldea eta lehen minutuan markagailuan aitzina hartzea lortu zuen, Olaia Alzaren bitartez. Hala ere, goizegi zen partiduaren norabidea zehazteko eta bisitariek horrela ulertu zuten ere lehen gol hau. 35. minutuan beraz, irundarren akats bat baliatuz, berdinketa lortu zuten eibartarrek eta 1-1ekoarekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira. 

Bigarren zatian, indarrez ekin zioten neurketari eta Eibarrek bigarren gola sartzeko aukera aprobetxatu zuten, etxekoen bertze akats bat baliatuz. 1-2koarekin aitzinetik jarri ziren orduan bisitariak, baina Mariñok ez zuen amore eman. Saliatzen segitu zuen azken momentura arte eta, hain zuzen ere, partidua bukatzeko hamar minutu falta zirenean, Aaliyah Soutarsonek sartu zuen berdinketaren gola. Horrela, bi taldeek puntuak banatu behar izan zituzten eta irundarrek puntu garrantzitsua poltsikoratu zuten. Sentsazio onekin ere bukatu zuten asteburua, Lopeteguik adierazi duenez, euren “bi akatsen ondotik aurkariak bi gol sartu bazituen ere, itxura ona eman” zutelako etxeko zaleen aitzinean. 

Berdinketa honen ondotik, Imanol Gomezen taldea sailkapeneko hamargarren postuan kokatua dago, hamaika punturekin guztira, aitzinetik dagoen Elorriorekin berdinduta. Heldu den larunbatean, abenduaren 13an, Bizkerre B taldea bisitatuko dute irundarrek, 15:30ean. Aurkari honek, Mariñok bezalaxe, aurtengo denboraldian estreinatu du maila berri hau eta aski ezaguna dute irundarrek, pasa den ikasturtean euren kontra jokatu baitzuten denboraldiko azken jardunaldia eta elkarrekin ospatu baitzuten Galen bien igoera. Aurtengoan, bizkaitarrek ez dude behar bezala hasi denboraldia, partidu bakarra irabazi baitute momentuz eta azken bortz jardunaldietan ezin izan du punturik batu. Irundarrek gibeletik daude sailkapenean, lau punturekin. Hala ere, Mariño ezin da gehiegi fidatu, etxeko zelaian dena emanen duen taldea izanen baita Bizkerre, hiru puntuak bereganatzeko.