Mariño Real Unionek puntu bat atera zuen Realaren kontrako partidutik

2026/01/14
Talde irundarrak 1-1eko emaitzarekin bukatu zuen Reala Cren kontrako partidua. 2026 urteko lehen jardunaldia zen eta taldea gogoz zegoen donostiarren kontra lehen itzuliko partidua errepikatzeko. Lehen minututik erritmo bizia zelairatu zuten eta horrek markagailuan aitzina hartzea ekarri zuen. Hala ere, bisitariek segidan lortu zuten berdintzea eta bukaera bitarte emaitza bera mantendu zen, jardunaldiko puntuak banatuz.
Mariño Real Unionek puntu bat atera zuen Realaren kontrako partidutik
Mariño Real Union 1
1 Reala C

Mariño Real Unionek 1-1eko markagailuarekin berdindu zuen, pasa den igande eguerdian, Reala Cren kontra. Zortzigarren minutuan hartu zuen aitzina etxeko taldeak, hasieratik ezarritako erritmo biziaren fruitu. Hala ere, donostiarrek segidan erantzun eta hurrengo minutuan emaitza berdintzeko aukera aprobetxatu zuten. Jokoaren buruzagitza Imanol Gomezen jokalariek bazuten ere, markagailua aldatu ezinik aritu ziren bukaera bitarte, eta beraz, jardunaldiko puntuak bi taldeen artean banatu behar izan zituzten. 

Gogoz zegoen Mariño Real Union urteari hasiera emateko, batez ere Reala zelako taldearen lehen aurkaria. Idoia Garde jokalariak aipatu duenez, “hagitz gogotsu ginen oporren ondotik urteko lehen jardunaldia jokatzeko, gehiago aurkaria zein zen ikusita, Reala. Joaneko partiduan, denboraldiko partidurik hoberena egin genuen. Bost gol sartu genituen denboraldiko bigarren jardunaldi hartan eta konfidantza eman zigun neurketa izan zen. Hori burura ekarri genuen eta motibazio bera edukitzen saiatu ginen”. 

Lehen zatian beraz, “intentsitate altua” ezarri zuen etxeko taldeak eta horrek fruituak eman zituen segidan. Izan ere, “zortzigarren minutuan gola sartu” zuten irundarrek, Anne Royoren bitartez. 1-0ekoarekin garaipena eskuan zutela uste zutenean ordea, “hurrengo jokaldian, beraiek ere sartu zuten” eta 1-1ekoa jarri zuten neurketaren hamargarren minuturako. “Penaz” hartu zuten hau Mariñokoek eta aukera gehiago sortu bazituzten ere, emaitza hor rekin joan ziren atsedenaldira. 

Aldageletatik bueltan, erritmo eta joko bera zelairatzea zen etxekoen helburua eta betetzeko gai izan ziren, aukera sortzen segitzeko eta berriz ere euren alde jartzeko markagailua. Gardek azaldu duenez, “bigarren zatian aukerak egon ziren. Egia da erritmoak eta jokoak beheiti egin zuela, baina hor mantendu ginen eta ez ziguten golik sartu”. Azken minutuetan, “2-3 aukera garbi eduki” zituzten Imanol Gomezen jokalariek eta pena izan zen, denborarik gabe gelditu zirela bigarren gola sartzeko. Azkenean, 1-1ekoarekin bukatu zen partidua eta irundarrek “pozik” gelditu ziren “egindako lanarekin”. Puntuak banatuta, Mariñok 16 batu ditu guztira sailkapenean eta bederatzigarren postuan kokatua dago. Heldu den asteburuan, Arratia bisitatuko du taldeak, larunbatean (urtarrilaren 17an), 15:45ean.