Mariño Real Unionek sekulako garaipena eskuratu zuen Realaren kontra
Mariño Real Unionek Hirugarren RFEF mailako bigarren jardunaldia jokatu zuen pasa den larunbat arratsaldean. Reala C zuen aitzinean talde irundarrak eta 1-5eko markagailuarekin garaitu zuen aurkaria, denboraldiko lehen garaipena izan zena. Horrela, lehen hiru puntuak ere eskuratu ditu Mariño Real Unionek eta sailkapeneko hirugarren postuan kokatu da, Athletic Club C eta Elorrioren gibeletik.
Imanol Gomezen taldea baja ugarirekin zelairatu zen Zubietan, erdiko postuetan hiru jokalari baitzituen lesionaturik eta bertze bat faltan. Deialdian sartu ziren zenbait jokalarik ordezkatu zituzten falta zirenak eta, euren postuetan aritu ez baziren ere, Ane Lopeteguik onartu du “lan ona” egin zutela. Lopeteguik berak jakinarazi du Mariño Real Unionek “partidu oso ona” egin zuela eta “baloiaren jabetza” eduki zuela neurketa osoan zehar. Markagailuan aitzina hartzen lehenak ere bisitariak izan ziren, nahiz eta donostiarrek segidan berdindu emaitza hori. Honek ez zituen irundarrak beldurtu eta bertze lau gol sartzeko gai izan ziren, garaipena erabakita utzitz. Erasoan ez ezik, defentsan ere fin ibili zen atezaina Lopeteguiren ustez: “Gure atezaina oso ondo egon zen, pila bat aukera geldiarazi zituen”.
Gararipena positiboki baloratu dute taldekide guztiek eta aurkari indartsu bati garaitzeko gai izateagatik kontent gelditu ziren. Realak egoera zailei “konponderik ez” ziola ematen ikusi zuten irundarrek eta beraz, hazi egin ziren 1-5ekoa lortu arte. Honen ondotik, sailkapeneko hirugarren postuan kokatu dira, hiru punturekin. Heldu den asteburuan, etxean ariko dira berriz ere Mariño Real Uniongo jokalariak, eta bertan jasoko dute Arratia taldea.