Nekez, baina garaipena eskuratu zuen Bidasoak Cangasen kontra
Irudek Bidasoa Irunek 30-27ko markagailuarekin garaitu zuen Frigorificos del Morrazo taldea, pasa den ortziralean Artalekun. Etxekoei kosta egin zitzaien neurketa euren alde jartzea eta lehen zati osoan zehar gibeletik egon ziren markagailuan. Bigarren zatian berriz, emaitza irauli eta, poliki-poliki, neurketaren buruzagitza izan zuen Alex Mozasen taldeak. Azkenik, hiru goleko aldearekin, garaipena eskuratu zuen eta, zailtasunak izan bazituzten ere, pozik gelditu ziren lortutako bi puntuekin.
Helburua garbia zen Bidasoarentzat: ortziralean etxean garaipena eskuratzea. Hala ere, baldintzatua kantxaratu zen taldea, zenbait jokalari minduta baitziren eta, batez ere, fisikoki nekatuak zuedelako. Hala ere, borrokatzeko asmoz hasi zuten partidua. Zaila izan zuten hasieran euren lekua hartzea eta, kontrara, Frigorificos del Morrazok etxekoak akatsak baliatu zituen kontraerasoan gailendu eta markagailuan tartea irekitzeko. Hamargarren minutuan, 3-7ko emaitza zuten bisitariek beraien alde eta irundarrak ezin asmatu segitzen zuten. Hala ere, minutuan pasatu ahala, defentsako jokoa hobetzen hasi zen talde bidasotarra eta aldeak murrizten joan zen. Atsedenaldira bidean, aurkariaren abantaila gol bakarrekoa zen, 15-16koarekin joan baitziren bi taldeak aldageletara.
Bigarren zatian, Bidasoak bere norabidea aldatu zen eta lehen bost minutuetan, indarrez jokatu ondotik, neurketa berdintzea lortu zuen (20-20). Hortik aitzinera, erosoago sentitu zen etxeko taldea Artalekun eta euren estiloa ezartzeko gai izan ziren, aurkariari garaipena zailduz. Horrela, markagailua euren alde jarri zuten, hiru goleko aldearekin, eta hori mantendu ahal izan zuten neurketa bukaera bitarte. Cangasek ez zuen amore eman, baina ezin izan zuen bidasotarren errenta deuseztatu eta azkenik, garaipena etxean gelditu zen, 30-27ko behin-betiko emaitzarekin.
Bi puntu gehiagorekin, 19 ditu orain Bidasoak sailkapenean eta hirugarren postuan kokatu da. Logroño gainetik dago, puntu berberekin, eta gibeletik Granollers, 18rekin. Hain zuzen ere, talde kataluniarra izanen da irundarren hurrengo aurkaria, asteazkenean bertan (abenduaren 17an), 21:00etan. Katalunian bertze indar erakustaldi bat egin beharko du Alex Mozasen taldeak, bertan lortutako bi puntuak garrantzitsuak izanen baitira denboraldiko lehen zatia postu onean eta puntu kopuru onarekin bukatzeko.