Porrot mingarria jaso zuen atzo Real Unionek Las Gaunasen
2026/03/16
Real Unionek 4-0 galdu zuen atzo UD Logroñes taldearen kontra. Sailkapeneko goitiko aldean dauden bi taldeen arteko lehia zen eta hasieratik zirudien bezain gogorra izan zen. Lehen zatian lortu zuten etxekoek aitzinetik jartzea eta bigarrenean, bisitariak momentu onak izan bazituen ere, bere nagusitasuna berretsi zuten errioxarrek eta jardunaldiko hiru puntuak ere eskuratu zituen.
Real Unionek porrot mingarria jaso zuen atzo, Las Gaunas zelaian, UD Logroñes taldearen kontra. 4-0eko markagailuarekin irabazi zuen etxeko taldeak eta punturik gabe utzi zituen txuribeltzak. Kolpe gogorra izan bazen ere, burua altxatu eta dagoeneko hurrengo hitzordura begira ari da talde irundarra, porrot bakar batek ezin duelako ilundu orain arteko lan ona. Izan ere, lidergotzan segitzen du Ramses Gilen taldeak, 56 punturekin.
Neurketa erritmo lasaiarekin hasi zen eta, ez talde batek ez bertzeak ere, ez zuen aukera garbirik eduki. Hala ere, lehen gola etxekoena izan zen. Riveroren erdiraketa baten ondotik ailegatu zen, Cabetasek egindako gola, partiduaren ordu erdia pasatuta. Bisitariek azkar erantzun nahi izan zuten eta Lucak bi abagune garbi eduki zituen markagailua berdintzeko, baina Talibyk ongi gelditu zituen hauek. Horrela, 1-0ekoarekin ailegatu ziren bi taldeak atsedenaldira.
Bigarren zatian, berdinketaren bila zelairatu ziren irundarrak. Taldeak aitzinera pausu bat eman zuen eta aurkariaren areara hurbildu zen, nahiz eta ez zuen asmatu izandako aukeretan. Logroñesek ordea, bigarren gola sartzea lortu zuen, Bertoren bitartez, eta jokalari berak hirugarrena ere sartu zuen , aurkariari erreakzionatzeko denbora eman gabe. Ramses Gilen jokalariak erlojuaren kontra aritu ziren aurkaria gainditu nahiean, baina azkenik, etxekoen laugarren golarekin bukatu zen neurketa.
Behin-betiko 4-0eko markagailuarekin beraz, porrot egin zuen Real Unionek, nahiz eta oraindik ere lider segitzen duen, 56 punturekin. Kolpe hontaz berreskuratu eta dagoeneko hurrengo asteburuko partiduari begira ari da taldea, Ebro jasoko baitu larunbatean, martxoaren 21ean, Stadium Galen (18:00).