Puntu bat atera zuen Real Unionek Gernikaren kontrako partidutik

2025/11/03
Talde txuribeltzak banako berdinketarekin bukatu zuen atzo Stadium Galen, Gernikaren kontrako partiduan. Lehen gola etxekoena izan zen, bigarren zatiaren hasieran. Hala ere, bizkaitarrek azkar erantzun zuten eta segidan lortu zuten neurketa berdintzea. Saiatu baziren ere, ez talde batek ez bertzeak ere, ez zuen lortu garaipena eta azkenean, puntuak banatu behar izan zituzten.
Puntu bat atera zuen Real Unionek Gernikaren kontrako partidutik
Real Union Club 1
1 SD Gernika

Real Unionek bana berdinduta bukatu zuen atzo arratsaldean, Stadium Galen, Gernikaren kontrako jokatutako partiduan. Lehen gola etxekoena izan zen. Soroetaren bitartez, 1-0 aitzindu zen markagailuan talde txuribeltza, bigarren zatiaren hasieran. Hala ere, bizkaitarrek azkar erantzun zuten eta emaitza berdintzea lortu zuten. Aukerak sortu zituzten partiduaren azken minutuetan, baina Ramses Gilen taldeak ezin izan zuen berriz ere garaipena eskuratu. Azkenean, puntuak banatu zituzten bi taldeek. 

Lehen zatian indartsu zelairatu zen Real Union eta nagusi izan zen, Gernika mendean hartuz. Gola sartzeko lehen aukera ere etxeko taldeak izan zuen. Mustapha hegaletik ailegatu zen area barrura, aurkariak banan-banan gaindituta, eta erdiraketa egin zion Louakimari. Azken honek jokaldia errematatu zuen, baina bistarien defentsak baloia urrundu zuen. Minutu batzuetara bertze aukera garbi bat eduki zuen Ramses Gilen taldeak. Kasu honetan, Soroetak gidatutako kontraeraso bat izan zen. Jokoa aldez aldatu eta Unai Garciari pasatu zion baloia. Honek errematatu zuen, baina Ariznabarretak gordetako atearen alde batetik joan zen jaurtiketa. Txuribeltzak erritmo onean jokatzen segitu zuten, eta atsedenaldira bitarte azken aukera bat ere sortu zuten. Mustaphak area kanpotik saiatu zen gola sartzen, baina jaurtiketa gora joan zen. Arrutik hau ikusita, burukada batekin saiatu zen gola atera bideratzen, baina Ariznabarretak eskuetan jaso zuen jaurtiketa. Honela, atsedenaldira 0-0ekoarekin joan ziren bi taldeak. 

Bigarren zatia hasi eta berehala lortu zuen talde txuribeltzak markagailuan aitzina hartzea. Unai Garciak erdiraketa bikaina egin zuen eta Soroetak jaurtiketa errematatu zuen. Lehen kolpean atezainak baloia gelditu zuen, baina aldaratzean 1-0ekoa ezartzea lortu zuen donostiarrak 48. minutuan. Pozak, hala ere, guti iraun zuen. Zazpi minutu beranduago, area barruko aldaratze baten ondotik, Auzokoak berdinketa ezarri zuen markagailuan. Real Unionek ez zuen amore eman eta indarrez jokatzen segitu zuen. Abaguneak ere sortu zituen, garaipenaren bila joan baitziren une oro. Molinak errematatu zuen korner bat lehenbizi, baina jaurtiketa langa goiti joan zen. Tena ere argi ibili zen, Gernikak aukera bat sortu baitzuen kontraeraso batekin, nahiz eta atezain irundarrak ongi gelditu zuen. Azken minutuetan, etxekoek bertze bi aukera garbi izan zituzten. Lehenik Fontanek area barruko baloi solte bat errematatu zuen, baina aurkariaren atezainak ongi gelditu zuen jaurtiketa. Ondotik, Molinak errematatu zuen erdiraketa bat eta oso gutigatik ez zen sartu ate barrura.  Unionek ongi estutu zuen azken jokaldietan, garaipenaren bila, baina ezin izan zituen aukerak gauza eta azkenik, 1-1ekoarekin bukatu zen neurketa. 

Puntu bat gehiago batuta, Real Union sailkapeneko zortzigarren postuan dago orain kokatura, 14 punturekin guztira. Heldu den igandean, azaroaren 9an, CD Basconia bisitatuko du talde irundarrak, 17:00etan.